Marie Brizard-ek itxi egingo du eta langileek greba mugagabea hasi dute

Mikel Iraola 2013ko aza. 19a, 13:47
Zizurkilgo Marie Brizard enpresako langileak greba mugagabean daude atzotik zuzendaritzak itxiera espediente bat aurkeztu ondoren. Erabakiak aurrera egingo balu, 48 langile langabezian geratuko lirateke.

Mikel Martinez, Maria Brizardeko langileak hitz egin du Tolosaldeko Atariarentzat:

Edariak ekoiztu, botilaratu, prezintatu eta banatzen dituen enpresa da Marie Brizard. Bordelen eratu zuten 1755. urtean, eta sei produkzio lantegi ditu: bi Bordelen bertan, Aigren, Beaucairen, Fuernmayorren (Errioxa) eta Zizurkilen. Azken honek 45 urte daramatza martxan, 1968. urteaz geroztik, hain zuzen, eta bereziki anisaren eta Olatz patxaranaren ekoizpenean zentratzen da.

2006. urtetik aurrera, Marie Brizard Belvédère talde frantsesaren eskumendeko enpresa da. Angostura Holdings Limited da taldeko akziodunik garrantzitsuena. Enpresa honek, besteak beste, CL Financial taldean ere akzioak ditu.  

Langileek Belvédère-ren jarrera salatu dute: «Zizurkilen berriz ere epe motzera apustu egiten duen multinazional baten aurrean gaude, epe luzera, lantegiaren bideragarritasunaren eta enpleguaren alde apustu egin beharrean».

Atzo hasi zuten greba mugagabea enpresako langileek eta goizean zehar zuzendaritzarekin bilduta izan ziren. Borroka «luze eta gogorra» izango dela aitortu du ELA sindikatuak, eta gizartearen eta administrazio publikoen babesa eskatu du, «bakoitza bere neurrian eta bere ahalmenen arabera». Mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri du ELAk

Protesta hauen bitartez multinazionaleko zuzendaritzari «itxiera espedientea bertan behera uztea eta langileekin beste irtenbide bat bilatzen saiatzea» eskatzen diote, «lantegiaren bideragarritasunaren eta enpleguaren alde apustu eginez».

Bigarren itxiera Zizurkilen
Zizurkilen azken hilabeteotan itxiko duten bigarren enpresa handia da Marie Brizard. Aurretik Huyck Wangner itxi zuten. Urte hasieran hasi zuten borroka mobilizazio ugarirekin. Maiatzean, 74 langile geratu ziren kalean eta enpresaren itxiera auzitegietara eraman zuten langileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!