Zizurkilgo Urkamendi Elkarteak Tourreko lehen euskal txirrindularia omenduko du ostiralean

Asier Imaz 2013ko azaroaren 19a

2013ko Tourreko lehen euskal txirrindularia, Mikel Nieve leitzarra
Mikel Nieve leitzarrak 12. postuan amaitu zuen 2013ko Frantziako Tourra. 20:30ean hasiko da omenaldi ekitaldia Zizurkilen. Lehenik agurra dantzatuko diote, eta ondoren, afaria dastatuko dute.

Zizurkilgo Urkamendi Elkarteak urteroko ohiturari eusten dio. Tourreko sailkapen orokorreko lehen euskaldunari omenaldia egingo diote, eta aurten, ohore hori Mikel Nievek irabazi du. Omenaldia azaroaren 22an, ostiralean, izango da, 20:30etik aurrera.

Ekitaldian hainbat gonbidatu izango dira, txirrindulariak, bertsolariak eta trikitilariak besteak beste, festa borobiltzeko asmoz. Zerrenda horretan, Amets Txurruka, David Lopez, Mikel Astarloza, David Etxeberria, Ane Santesteban, Alex Aranburu eta Igor Sasiainen izenak agertzen dira. Bertsotan Lizaso eta Telleria ariko dira, eta trikitixarekin, Xapre eta Totxo. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!