Emakume baserritarrak protagonista

Mikel Iraola 2013ko urr. 11a, 10:00
Zizurkilek eta emakume baserritarrek lotura estua izan dute betidanik. Horren sinbolo nagusi bilakatu da duela hamaika urte jarri zuten Juan Gorritiren Baserriko Argia eskultura. Hamarkadaz hamarkada asko eta asko izan dira nekazal giroan hazi eta hezi izan diren emakumeak, eta orain, igandean ospatuko den azoka bereziaren atarian emakume baserritar horien bizitza islatzen duen argazki erakusketa bat antolatu du udalak.

Zizurkilek eta emakume baserritarrek lotura estua izan dute betidanik. Horren sinbolo nagusi bilakatu da duela hamaika urte jarri zuten Juan Gorritiren Baserriko Argia eskultura. Hamarkadaz hamarkada asko eta asko izan dira nekazal giroan hazi eta hezi izan diren emakumeak, eta orain, igandean ospatuko den azoka bereziaren atarian emakume baserritar horien bizitza islatzen duen argazki erakusketa bat antolatu du udalak.

Maialen Azkuek 2006 eta 2007 urteetan herriko baserrietan bildutako argazkiekin eratu dute erakusketa. Zizurkildarrak, udalak emakume baserritarren inguruko dokumentazio lana egiteko abiarazi zuen beka eskuratu, eta 500 argazki eta istorio baina gehiagoko bilduma osatu zuen. Guztiak digitalizatu eta ikusgai daude iaztik www.zizurkil.eu webgunean.

Bada, ordea, interneterako sarbidea ez duenik, eta horiengan pentsatuta sortu dute erakusketa egitearen ideia: “Herritarrek altxor baten piezak eman zizkiguten duela urte batzuk, orain altxor osatua eurei itzultzeko garaia da”, azaldu du Leire Zubeldia zinegotziak. Horrekin batera, XX. mendeko emakume baserritarren bizitza nolakoa zen erakustea da erakusketaren helburua.

Bildutako 500 argazkietatik esanguratsuenak hautatu eta 50 argazkiekin osatu dute erakusketa. Bost ataletan dago banatuta: Baserria bera, familia, erlijioa, hezkuntza eta aisia. Multzo bakoitza hamar argazki esanguratsuenek osatzen dute.

Atzotik ikusgai

Erakusketaren inaugurazio ekitaldia atzo izan zen, eta igandera arte Iriarte Kultur Etxean egongo da ikusgai, ostiral eta larunbat arratsaldean, 17:00etatik 20:00era; eta igandean egun osoz (11:00etatik 14:30era, eta 16:30etatik 19:30era).

Igandean azoka

Etzi, egun osoan zehar, azoka berezia ospatuko da Zizurkilen, eta hemen ere izango dute tartea emakume baserritarrek. Iaz, Gorritik eskultura jarri zuela hamar urte bete ziren, eta hori aprobetxatuz eskultura dagoen lekura kalejira egin, txukundu eta plaka bat jarri zuten.

Aurten ere, igandean, emakumeek egindako lanaren aitortza gisa, kantu jirarekin batera kalejira egingo dute eskulturaraino, eta ekitaldi xume bat egingo da bertan. Kalejira 11:00etan abiatuko da herriko plazatik.

Horrez gain, ekitaldi gehiago izango dira egun osoan zehar herria girotzeko. Esaterako, 12:00etan, haurrentzako jokoak izango dira. 13:00etan, berriz, Baserriko Argia Saria banatuko zaio Zizurkilgo baserritarren postu onena duenari. 14:30ean Zimiterioan bazkaria izango da guztientzat. Arratsaldeko bostetan, poniak eta aurpegi margoketa izango da umeentzat, eta 18:30ean, Xuxurlariak Kale Antzerkia izango da Ados Teatroaren eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!