Bost pertsona atxilotu eta 634 kalamu landare aurkitu dituzte Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2013ko urr. 8a, 15:03
Negutegi honetatik eraman dituzte kalamu landareak.
Guardia Zibilak atxilotu ditu eta osasun publikoaren aurkako delitua egotzi zaie, Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak jakinarazi duenez.

Guardia Zibilak bost pertsona atxilotu ditu Zizurkilen, eta osasun publikoaren aurkako delitua egotzi diete. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzak jakinarazi duenez, 634 kalamu landare aurkitu dituzte Zizurkilgo Otazu baserriaren negutegian, «gehienak, bi metro baino gehiagoko garaiera zutenak». Landereez gain, 17 kilo kalamu lehor, hiru eskopeta, errebolber bat edota munizioa ere konfiskatu dituztela adierazi dute. Atxilotu eta negutegiko jabeek, beren aldetik, «gogor» salatu dute atxiloketa, eta euren errugabetasuna defendatu dute, bertan zeuden landareak Bilboko elkarte batenak zirela eta guztia legea errespetatuz zutela argudiatuz.
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak azaldu duenez, «negutegia 24 orduz eskopetaz armaturiko pertsonez eta zakurrez zainduta zegoenez», Gasteiztik etorritako GAR (Akzio Azkarreko Taldea) konpainiak lagunduta burutu zuten operazioa iragan irailaren 26an. Halaber, iturri berdinak adierazitakoaren arabera, txakur zaindariek polizien presentzia ohartarazi zuten, eta zenbait tiro egin ziren gero poliziek atzeman zuten eskopeta batekin.
Operazioan bost lagun atxilotu zituzten: Baserriaren jabea, bere iloba, baratzetako langilea, zainketaz arduratzen den pertsona eta une horretan negutegira lapurtzera joandako pertsona bat. Bada, hiru lagun epailearen aurretik igaro dira, eta baserriaren jabea eta ustezko lapurra geratuko lirateke deklaratzeko. Hilaren 15ean dute horiek hitzordua.

«?????????hunkigarria»
Joseba Larrañaga Otazu baserriaren jabearen iloba da atxilotu zutenetako bat, eta «gogor» salatu du duela bi aste jazo zen gertakaria: «Irailaren 26a zen, eguerdia. 43 guardia zibilek inguratu zuten baserria. Indarrez, bilurrak jarri zizkiguten, etxea goitik behera arakatu zuten, ateak hautsiz, eta hori guztia ezer ere ez aurkitzeko: eskopeta bat, jaurtigairik gabeko errebolber bat eta semeak erabiltzen duen haurrentzako uztai bat». Osabak zituen 600 euro eta berak zituen 400 euro eta «arakatzen ari ziren bitartean topatu zituzten gustuko objektuak» eraman zituztela gehitu du Larrañagak.
Guardia Zibilak baserrian agerpena egin zuen une berean, lapurreta egitera joan ziren hiru pertsona aurkitzen zirela negutegian adierazi du baserriko jabearen ilobak: «Askotan gertatu zaigu, eta azken boladan askoz ere gehiagotan landareak lapurtzera sartzen direla; 4x4 auto batekin gerturatu ziren, eta hiru lagunetatik bat harrapatzea lortu zuten». Erregistroaren ostean, eta landareak eramatearekin batera, atxilotuta eraman zituzten, inputatuak. Larrañagak azaldu moduan, deklaratu aurretik,  bi egun igaro zituzten espetxean inkomunikaturik.
Bilboko Tare elkarteari alokatzen diotela negutegia diote Otazu baserrian. «Bertako landareak eurenak dira, beraz, kalamuaren jabeak atxilotu beharko lituzteke, eta ez gu. 300 bazkide baino gehiago dira elkartean, eta landare horiekin urte osorako behar dutena banatzen dute beraien artean». Bada, orain arte, inoiz ez dutela inolako arazorik esan azaldu du Joseba Larrañagak. «Urtebete daramagu elkarte honekin, eta aurretik beste elkarte batek zuen alokatuta. Guztia legez dago, Eusko Jaurlaritzaren zigiluekin, eta hori ere esan genien guardia zibilei, baina horrek ez zuela ezertarako balio erantzun ziguten».
Absoluzioa eta eramandako guztia itzultzea eskatu dute, baina, itzuliz gero, kalamuaren kasuan, «dena ustelduta» egongo dela uste dute.

«?????????hunkigarria»
Bestalde, Larrañagaren abokatuak, Jon Razkinek adierazi duenez, Tare Eusko Jaurlaritzan elkarte moduan erregistratuta dago, «legez», eta epaileak dagoeneko informazioa eskatu dio euren jardunaren inguruan. Osasun publikoaren aurkako delituari dagokionez, ez duela zentzurik esan du, «taldekako laborea ez baita delitua».
Operazioan entzun ziren tiro hotsen inguruan, Otazu baserriko lau inputatuek ukatu egin dute tiroak beraiek eginak izan zirenik. Abokatuak adierazi duenez, tiro bat entzun ostean hiru tiro egin zituzten guardia zibilek. «Larrañaga sendiak dioenez, ehizean zebilen norbaitek eginak edo lapurretan joandakoenak dira tiroak», azaldu du Razkinek.
Bestalde, Guardia Zibilak emandako datuen arabera, tona eta erdi kalamu jaso dute, baina abokatuak gezurtatu egin du datu hori, «ezinezkoa baita hartu dituzten landareetatik hori guztia jasotzea». «Guztia hartu dute kontuan pisatzerakoan, adarrak, sustraiak... eta horregatik hartu du hainbeste pisu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!