Alatzne Etxaburua, emakumezkoen Euskal Herriko I. Sega txapelduna

Ataria 2013ko uztailaren 23a

Gizonezkoetan Joxe Lizaso asteasuarra bigarren sailkatu zen, eta Jon Kanflanka leitzarra hirugarren

Alatzne Etxaburua zizurkildarra Euskal Herriko lehen emakume txapelduna izango da segan, igandean Zizurkilen jokatutako saioan belar kilo gehien ebaki eta gero.  

Zizurkilgo Areta baserriko belardian jokatu dute aurten, lehenengoz, Emakumezkoen Euskal Herriko I. Sega Txapelketa, eta Etxaburuak Arrate Garin eta Irati Astondoa izan zituen aurkari.

20 minutuko proba burutu behar izan zuten, eta belar kilo gehien zizurkildarrak ebaki zuen; bigarren postuan Irati Astondoa zeanuriarra sailkatu zen, eta hirugarrena, berriz, Arrate Garin izan zen.

Lizaso eta Kanflanka, gustura

Gizonekoen Euskal Herriko sega txapelketa, berriz, Gasteizen jokatu zuten, eta Igor Esnaola suertatu zen irabazle.

Juanjoxe Lizaso asteasuarrarekin sekulako lehia izan zuen probak iraun zuen bitartean, baina azkenean, Esnaolak 158,5 kilo gehiago ebaki zituen. Guztira, irabazleak 4.240 kilo ebaki zituen, eta Juanjoxe Lizasok, berriz, 20 kiloko zigorrarekin, 4.082. Hirugarren postua Jon Kanflanka leitzarrarentzat izan zen, 3.479 belar kilo ebakita.

Lizasok gustura azaldu zuen bere lekua, eta parte hartzaile guztiek azpimarratu zuten belardiaren egoera ona, ebakitzerakoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!