Urrezko Aizkorako bigarren jardunaldian lehiatu da Jon Rekondo leitzarra, eta ezin izan du Mugertza II.a mendean hartu.
Ondategin herenegun jokatutako proban, Ugaitz Mugertza mutrikuarrak eraman zituen bi puntuak, sei modalitate ezberdinetan hamar enbor ebaki eta gero. Horretarako 19 minutu eta 27 segundo behar izan zituen irabazleak. Leitzarrak, ordea, 21 minutuan amaitu zituen egin beharreko lanak, eta oraindik ez du puntu bakar bat bera ere lortzerik izan. Egoera berean da Joseba Otaegi. Zizurkildarrak ostegunean ezin izan zuen Aitzol Atutxa menderatu eta oraindik ez du punturik lortu. Horretarako hurrengo aukera uztailaren 16an izango dute, Amorebietan jokatuko den jardunaldian.
Irazu, bigarren
Bestalde, Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketako finalean bigarren postua lortu du Jon Irazuk. Lau kana-erdiko eta 60 ontzako bi enbor ebaki ondoren, zizurkildarra Mikel Larrañaga azpeitiarraren atzetik sailkatu zen. Irabazleak 13 minutu eta 15 segundo behar izan zituen, eta Irazuk 14 minutu eskas. Hirugarren izan zen Mugertza II.a, 14:16ko denbora egin ostean. Txapartegik laugarren postua eskuratu zuen, zortzi segundo gehiagorekin. Zaldua izan zen bosgarren (16:31), eta azken sailkatua Telletxea izan zen 17 minutu eta 11 segundo behar izan ondoren.