Zizurkilgo Udalak iragan asteburuko gertakarien balantzea egin du. «Gezurra» hitza erabili dute behin eta berriz prentsaurrean Zizurkilgo Bilduren hautetsiek, eta garai berri baten beharra aldarrikatu dute. Tartean, EAJri kritika oso zorrotzak egin dizkiote: «Gezurren garaia amaitzea nahi dugu Zizurkilen. Dei bat egiten dugu horretarako.
Gezurra erabili baitu EAJk hondakinen kudeaketari lotuta aurkari politikoa erasotzeko. Atez atekoaren aurkako 1275 sinadurarena, hori izan da hilabeteetan entzun dugun gezurretako bat. Horregatik eskatzen genizkien sinadurak eta sekulakoak eta bi esan dizkigute jarrera hori dela eta. Bistan geratu da orain zergatik ez zizkiguten eman nahi, gezurra zelako».
Zizurkilen iragan astean egin zuten atez atekoaren inguruko galdeketa, eta bertako irudiak hizpide izan dituzte: «Euren boto gosearekin edonoren botoak edozein modutara onartu dituzte, eta larriagoa dena, udal honetako zinegotziek jendea tranpa egitera bultzatu dute. Ikusi bestela bideoak. Eta oraindik ‘fede onaz’ hitz egiten dute. Kamera aurrean egin berri dutena ez dutela egiten eta ez dutela onartzen esateko gai diren zinegotzien fede ona» .
Galdeketa egiteko udalak trabak jarri izana ere gezurra dela esan dute udal zinegotziek: «Udal honek eskatutako tresneria eta eraikina utzi zuen deitzaileen esku. Trabak izatekotan ere, eurak jarri dizkiete ikuskari egin nahi zuten pertsonei. Eta badakigu bai zergatik». Boto delegatua «fartsa» bezala izendatu ondoren, zizukildarren herenaren babesa izatera ez zirela iritsi esan du udalak, eta botoa ematera joan zirenen artean zizurkildarrak ez zirenak ere izan zirela salatu nahi izan du: «Argiaren faktura batekin bozkatzen uzten bada, gero ezin da herritarren errolda erabili portzentaia ateratzeko. Hori gezurra esatea da».
Bost mezu
Galdeketaren inguruko hausnarketaren ondoren, bost mezu plazaratu ditu udalak. Lehenik eta behin, zizurkildar guztien iritziak kontuan hartuko dituztela esan dute udal zinegotziek: «Oztopoak oztopo, herrian badago oso zabaldua dagoen sentsazio bat, eta hori, atez atekoari aukera bat eman behar zaionarena da».
Parte hartzea arautuko duen ordenantza baten beharra agerian gelditu dela dio udalak, eta herritarrei eta Zizurkilgo eragileei dei egin die, euren ekarpenak egitera animatuz, ordenantzaren inguruan adostasunera iristeko.
Hirugarren mezu bezala, hondakin bilketa sistema berriak ekarri dituen kezkak aipatu dituzte udaletik. Horregatik, sei hilabete barru, herritar guztien iritziak biltzeko konpromisoa hartu dute udal zinegotziek.
Atez atekora bildu ez diren herritarrei, oraindik ontziak jasotzeko aukera zabalik dela esan die udaletik: aste honetan eta hurrengoan, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 19:00etara, Aurrera plazako bulegoan.
Azkenik, eta bosgarren mezu bezala, udalak eskerrak eman dizkie «intoxikazio kanpaina handi honen erdian babesa eman digutenei, eta bereziki, hondakinen kudeaketan arduratsu jokatzen ari den herritarren gehiengo horri. Sarri esan dugun moduan, guztiok irtengo gara irabazle».