Lasterketako mendiko sari berezia ere, Lopez txirrindulari andaluziarrak eskuratu du elite mailan
Lointek taldea bikain aritu zen, Zizurkil-Villabona sari nagusian .
Lointek taldeko Belen Lopez izan da garailea, Zizurkil eta Villabona arteko emakumezkoen IX. Sari Nagusiko lasterketan. Elite nahiz 23 urtez azpikoen mailan lehiatu da, eta aipatzekoa da, taldekako lehian ere Lointek izan dela txapelduna maila horretan.
Lasterketan hiru kategorietako 90 txirrindulari inguru aritu ziren, eta aipatzekoa da euskal ligarako saio puntuagarria izan zela.
Kadeteak irten ziren lehenengo, 09:00etan, eta 26 kilometroko ibilbidea burutu eta gero, Pedal taldeko Cristina Solerrek zeharkatu zuen helmuga lehen postuan, 42 minutu eta 38 segundoko denborarekin. Bigarren Naia Leonet sailkatu zen, Allerru kirol elkartekoa, eta hirugarren postua, berriz, Guttrans taldeko Paula Diazek lortu zuen.
Taldekako sailkapenei dagokienez, berriz, Pedal taldeak eskuratu zuen denborarik onena kadeteen mailan, eta mendiko saria Paula Diazentzat izan zen.
Gazteen mailako lasterketa 11:15ean abiatu zen, eta 64,3 kilometroko ibilbidea osatu zuten; 1:48:38ko denborarekin, Guttransekin Alicia Gonzalez suertatu zen garaile. Irabazleak minutu inguruko aldea atera zion Portugalgo selekzioko Ana Lopesi, eta hirugarren postuan, berriz, Caja Rural-Bide Bide taldeko Eider Unanue sailkatu zen, Lopesengandik segundo gutxira.
Gazteen mailako mendiko irabazlea Alicia Gonzalez bera izan zen.
Azkenik, 23 azpikoen eta elitekoen txanda 10:30ean hasi zen. 91 kilometro egin behar izan zituzten bizikleta gainean, eta 02:29:59ko denborarekin, Lointek-eko Belen Lopez izan zen garailea. Nabarmentzekoa da Lopezen lana, mendiko sari berezia ere berak eskuratu zuelako. Era berean, bere taldekideak ere bikain aritu ziren, taldekako saria eskuratuz.
Bigarren postua Bizkaia-Durangoko Ane Santestebanek lortu zuen, ia denbora berarekin, eta hirugarren lekuan, berriz, talde bereko Joanne Hogan sailkatu zen.