Ugaitz Mugertza mendean hartzeko saio gogorra egin behar izan zuen aizkolari zizurkildarrak
Joseba Otaegik lortu du Urrezko Aizkolarien finalerako sailkatzea; Rekondo, Nazabal eta Atutxa izango ditu aurkari, igandean, Azpeitiako finalean.
Otaegi zizurkildarrak, 18 minutu eta 47segundoko denbora egin zuen, eta Mugertzak, berriz, 19 minutu eta 5 segundokoa. Lana gogor egin behar izan zuen, beraz, Otaegik, aizkolari gaztea mendean hartzeko.
Egin beharreko lanak honakoak izan ziren: 45 ontzako enborra ahalik eta kolpe gutxienekin moztea; tamaina bereko egurra ahalik eta azkarren ebakitzea; 45 ontzako enborra zutik ebakitzea; 60 ontzako enborra moztea, eta azkenik, iraupen proban, bi kana erdiko eta bi 60 ontzako moztea.
Lehen proban aurrea hartu zuen Otaegik, eta bigarrenean mutrikuarrak berdintzea lortu zuen. Hirugarren eta laugarren probetan, berriz, Mugertza II. a hobeto aritu zen. Zizurkildarrak lan erdietatik aurrera eman zion buelta probari. 60 ontzakoarekin, hamar segundo kendu zizkion Mugertzari, 5:57ko denborarekin, eta zutikako eta etzandako proban ere, mendean hartu zuen Otaegik, aizkolari gaztea.
Azkenik, iraupen proba izan zen saioa erabaki zuena, izan ere, bederatzi segundoko aldea lortu zuen Joseba Otaegik, Mugertzarekiko; 10:09 izan zen Otaegiren denbora, eta Mugertza II.arena, berriz, 10:18 izan zen.
Gabirondo sasoi betean segan
Joxe Gabirondo segalari gazteluarrak erakutsi du, beste behin, segan iaioa dela.
Euskal Herriko Liga jokatu dute asteburuan, nazioarteko eran, eta bera izan da irabazlea. Baldintza nahiko gogorretan jokatu zuten proba, hotz egiten baitzuen, eta belarra ere ebakitzeko zaila zegoela azaldu zuten.
Emakumezkoetan, berriz, Alatzne Etxaburua zizurkildarrak hirugarren postuarekin konformatu behar izan du. Euskal Herriko ligak hiru jardunaldi izango ditu, eta saio hauetan erabakiko da Europako Txapelketara zein joango den.
Azkenik, aipatzekoa da, Gipuzkoako sega txapelketako saioa izango dela igande honetan, ekainak 2, Zizurkilgo Areta baserriaren inguruan.
11:30ean izango da lehenengo saioa, eta Igor Esnaola, Jexux Goenaga, Juan Joxe Lizaso eta Jexuxmari Ormaetxea Urki ariko dira. 12:30eko saioan, berriz, Mikel Garaialde, Mikel Alkorta, Julen Gabirondo eta Iban Pardo lehiatuko dira.