Zizurkilgo Huyck Wangner lantegiko 75 beharginen kaleratzea aurreikusten duen lan erregulazio txostenaren kontsulta epea iragan astean amaitu zen. Ondorioz, enpresako zuzendaritzak atzo bidali zizkien langileei kaleratze gutunak. Honen aurrean, langileek salaketa jarriko dute txostena baliogabetzea eskatuz, eta borrokan jarraituko dute enpresa itxi ez dezaten.
Mikel Zabaleta ELA sindikatuko ordezkariak adierazi duenez, langileek argi dute kaleratzeekin ez dela guztia bukatu. Aitzitik, «enpresaren jarrera» ikusita, kaleratzeetara iritsiko zirela aurreikusten zuten langileek: «Prozesuaren beste fase bat irekitzen du honek, eta aurrera jarraituko dugu, aukera guztiak ukitzen ditugun arte».
Enpresaren borondatearen harira, kaleratze gutunetan ere erakutsi dutela nolako jarrera duten gehitu du Zabaletak: «Kaleratzeetan, kalte ordain moduan, urteko 20 egun ordaintzeko asmoa adierazi dute, beraz, beste behin, euren borondatea ikusi dugu».
Baliogabetasun eskaera
Kaleratzeak jasotzearekin batera, langileek argi dute emango duten hurrengo pausoa auzitara jotzea izango dela. «Salaketa jarriko dugu berehala, eta epaiketa izan arte ez gara geldirik egongo», azaldu du Zabaletak. Hala, 75 kaleratze aurreikusten dituen enplegu erregulazio espedientearen baliogabetasuna eta desegokitasuna eskatuko dute. «Uste dugu frogatu ahalko dugula enpresak ez duela inongo borondaterik izan negoziatzeko, beraz pentsatzen dugu oso posible dela txostena baliogabetzea».
Epaitegiko bidea ukitzeaz gain, «borrokan» jarraituko dutela adierazi du ELA sindikatuko ordezkariak: «Batetik, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarraituko dugu, eta eurekin irtenbide positibo bat bilatzen saiatuko gara, eta bestetik, mobilizatzen eta gure arazoa gizarteratzen segiko dugu».
Horretarako, gainera, langileeen artean «indar eta elkartasun handia» dutela diote. «Hori da langileek borrokatzen jarraitzeko motorra, eta hori baldin badago beste guztia poliki-poliki egingo dugu».
Bestalde, Zizurkilgo langileekin hitz egiteko aukera irekita dagoela azaldu dute: «Enpresak ikusten duenean uste zuena baino askoz ere zailago eta garestiago aterako zaiola, beti izango du euren asmoa atzera bota, eta gurekin benetako adostasunera iristeko aukera».