«Krisia ez da etorri, ekarri egin dute, baina badaude irtenbideak»

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 17a, 10:14

Joseba Felix Tobar, Ekonomialaria eta irakaslea

‘Krisiaren zergatiak eta irtenbideak’ izeneko hitzaldia emango du gaur, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean, 19:00etan. Joseba Felix Tobar Arbulu (Santurtzi, 1945), EHUko irakasle eta ekonomialariak zazpi urte daramatza diruaren teoria modernoak eta krisi hau aztertzen. Bere esanetan, krisia ulertzea erraza omen da, baina...

Joseba Felix Tobar[/caption]

... Nola azalduko zenioke zer den krisia  ulertzen ez duen pertsona bati?

Bankuek diruarekin jolastu egin dutela da krisiaren funtsa. Zeukaten diruarekin, enpresetan inbertitu beharrean, espekulazioan aritu dira, eta ondoren, airea edo zaborra saldu dute.

Zer esan nahi duzu zaborra saltzearekin?

Atzean baliorik ez zuten akzio, opzio eta deribatuak erosi eta saltzen ibili dira banketxeko langileak. Hori hipoteka, aseguru eta airezko inbertsio fiktizioetan eman da. Modu horretan, irabazi gehiago lortuko zituztela uste izan zuten. Zenbaitetan lortu zuten, baina amaieran burbuila horrek eztanda egin du. Orduan, laguntza eske joan ziren gobernuetara, eta haiek dirua enpresa eta pertsonei eman beharrean, bankuen artean banatu zuten.

Nola eta non hasi zen guztia?

AEBtako banketxe nagusiak hasi ziren, Wall Streeten. Allan Grispen, urteetan Ipar Ameriketako banku zentraleko buru izan zenak bultzatu zuen sistema hori. Gauza ona balitz bezala saldu zuten eta herritarren konfiantza irabazi zuten. Europako banketxeek hori ikustean, gauza bera egitea pentsatu zuten.

Eta hain txarra bazen, zergatik egin zuten aurrera?

Berme politiko, ekonomiko eta soziala izan dute une oro. Gobernuan, lobby moduan, edota enpresetan aparteko boterea duten pertsonak dira banketxeko langileak. Nonahi. Eta nahi dutena egiteko bidea erraztu zaie. Gainera, salmenta horien atzean mozkinak zeuden, eta horiek onak ziruditen gobernuarentzat. Azkenean hori ez da horrela izan. Dena den, hasieratik zekiten zertan ari ziren.

Beraz, nahita egin dutela diozu?

Bai. Krisia ez da etorri, ekarri egin dute. Hori da krisiaren inguruan zabaldu beharreko mezu nagusienetako bat. Nahita bultzatutako krisia da, ez da historian gertatu diren gainontzeko krisiak bezalakoa.

Eta inor ez zen ohartu hortaz?

Bai, baina harrigarria den moduan, inoiz ez da ezer gertatu. Grispenek berak, kargua utzi zuenean esan zuen hanka sartu zuela. Randall, Stephanie Kelton edo Warren Mosler bezalako adituek aspaldi esan zuten putzu handi batean murgiltzera gindoazela. FBIk ere, bere garaian, hainbat senatari eta kongresuko kide ohartarazi zituen horren inguruan. Berme politiko hori izan dutenez, Wall Streetek nahi duena egin izan du beti. Eta egiten jarraitzen du.

Eta Europako bankuek?

Europan bi multzo daude: alde batetik, estatu subiranoak, hau da, moneta propioa dutenak, eta euroaren barnean sartuta daudenak bestetik. Estatu subiranoetan, Britainia Handia, Suedia, Danimarka Islandia edo Norvegian, banku zentrala gobernuaren menpe dago, eta gobernuak erabakitzen du nori, noiz eta nola eman dirua. AEBtan ere horrela da. Euroaren menpe dauden herrialdeetan, ordea, banku zentrala independentea da, eta ahalmena du moneta banatzeko. Ez dago gobernu edo parlamenturik hori kontrolatzeko.

Baina, diotenaren arabera, ez al du  bada, Alemaniak agintzen?

Bai, Bundesbank dago atzean. Baita Finlandiako bankua ere. Euroa sortu eta beste herrialdeekin bat egitean, euren banketxean indartsuagoak zirela ikusi zuten, eta kontrola ezarri zuten. Hauek banaketa kontrolatzen dute, dirua nori, noiz, eta zein baldintzapean eman. Horri esker aberasten ari dira, sekulako negozioa egin dute. Azken hogei urteetan eman duen aldaketa ikusi besterik ez dago. Azken finean, Eurogunea Ameriketako Estatu Batuen antzekoa da.

Zein zentzutan?

Estatu Batuetan banku zentrala gobernuaren menpe dago. Herrialdearen barneko estatu federalak, dolarraren erabiltzaile dira, baina ez dute diruaren banaketan eskuhartzerik. Europan, banku zentrala independentea den arren, Alemaniak edo Bundesbankek kontrolatzen du gehienbat, eta gainontzeko herrialdeak, Italia, Portugal edo Espainia, adibidez, estatu federal horien gisara, euroaren erabiltzaile dira.

Nola egiten da diruaren banaketa?

Ordenagailuko teklatuaren bitartez, ez du misteriorik. Estatu subiranoek dirua behar dutenean, gobernuari eskatu eta haiek botoia sakatzen dute. Horregatik, AEBei ez zaie ezer kostatu erreskatea. Europan, ordea, Alemaniak kontrolatzen du. Dirua emateko baldintzak jartzen dituzte, hala nola, murrizketak defizit publikoan (irakaskuntza, osasungintza, pentsioak...), eta austeritatea. Gainera, interesak gehitzen dizkiete.

Zer gertatuko da neurri horiekin jarraituz gero?

Pobretzen joango dira euroaren erabiltzaile izaera duten herrialdeak. Baita bertako herritarrak ere. Baina puntu batetaraino, soilik. Alemaniarrak ez dira ergelak. Ez dute Europa guztiz hankaz gora jarriko, haiek ikusten duteneraino soilik. Izan ere, ondoren euren produktu eta zerbitzuak saldu behar dituzte, eta saldu ahal izateko, jendeak dirua izan behar du. Orain arte izuarekin jolasten aritu dira, eta oso ondo atera zaie. Jendea etsita dago.

Irtenbiderik ba al dago?

Bai, noski. Eta ez da buruaz beste egitearena, ez eta austeritate eta murrizketa neurriak hartzearena. Langile eta ugazaben artean, akordioak sinatu behar dira, soldata, mozkinak, produktibitatea, lan orduak... Politika fiskalak ere berraztertu behar dira bai. Baina batez ere, kapital industriala zaindu behar da, eta bertara bideratu behar da dirua, ez espekulaziora. Enpresa txikiei eta ertainei kredituak eman behar zaizkie, baita zerbitzu publikoei ere. Dirua badago, baina kontua da dirua behar den lekuetara iristea.

Eta non dago, bada, diru hori?

Bankuetan. Baina ez dago leku fisiko batean, hau da, aktibo pasibo bat da. Estatu subiranoek eta banku zentralek zabaltzen diete bankuei teklatuaren bidez, kostu handirik gabe. Gauza da, langabezia dagoenean, diru hori gobernuetara jaurti behar dutela, inoiz ez bankuetara. Ideia nagusiena da, gobernuak enpresa publiko handi bilakatu behar duela, eta dirua martxan jarri behar duela. Jendeak dirua badu, zergak martxan jartzen dira, eta gobernuak martxan jarri duen diru hori berreskuratu egiten du. Sektore pribatuak martxa ona duela ikusita, inbertitu egingo du eta hobera joango da.

Beraz, bankuetatik dirua atera beharko genuke?

Eta zer lortzen da horrekin? Moneta bati gobernuak ematen dio balioa, zerga bitartez. Banketxeetatik dirua atera eta koltxoiaren azpian gordeko bagenu, diruaren balio hori debaluatuko litzateke, eta etxean izango genukeen diru horrek balioa galduko luke.

Orduan, nola eraman beharko litzateke aurrera aldaketa?

Zaharkituta dauden eskemak aldatu behar dira, izan ere, zer da sozialismoa XXI. mendean? Aspaldiko eskema eta mitoak lurperatu behar ditugu. Banketxeak sozialtzeak ez du ezertarako balio, gero haiei dirua ematen jarraitzen bada. Europan errenta per capitaren araberako banaketa eskatu beharra dago, eta dirua gobernuetan jarri, ez bankuetan. Horretarako ez da zentimo bakar bat ere gastatu behar. Eta eskaera hori egiteko balentria izan behar dugu.

Nortzuk, herritarrek?

Bai. Guk eman behar dugu lehen pausoa. Guk geuk edo inork ez. Alderdi, sindikatu edo ekonomilari talde bati ezin diegu itxaron.

Noiz arte iraungo du krisiak?

Jendeak dirurik ez duen bitartean, eta austeritatean bizitzen jarraituz gero, ez dugu krisi honen amaiera ikusiko. Baina badaude irtenbideak. Ezin dugu etsipenean erori. Horregatik eman behar dugu guk aurrerapausoa. Eta modu horretan, gure ekonomia martxan jartzea lortuko dugu. Eta zapaldu nahi bagaituzte, tankeak ekarri beharko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!