Grebarekin jarraituko dute Huyck Wangner-eko langileek

Ataria 2013ko martxoaren 8a

Zizurkilgo Huyck Wangner (lehengo Perot) lantegiko langileek greban jarraitzea erabaki dute, bai behintzat, «bermeak izan arte». Mikel Zabaleta ELAko ordezkariak adierazi duenaren arabera, langileek ez dituzte oraindik 75 langile kaleratzea aurreikusten zuen enplegu erregulazio espedientea erretiratzeko arrazoiak ezagutzen: «Multinazionalak espedientea atzera bota duela baino ez zaigu jakinarazi, eta guri ez digute inolako azalpenik eman».

Alemaniako multinazionalaren zuzendaritzak herenegun prentsara igorritako oharrean Zizurkilgo lantegia «ez dela bideragarria» berresten du, eta beste erregulazio espediente bat martxan jartzeko asmoa agertu, «langileekin akordioa lortu, eta aurreikusitako enplegu murrizketen eraginak ahalik eta gehien leuntze aldera». Zabaletaren arabera, beste erregulazio prozesu bat martxan jartzea «nahiko zabala» izan daiteke, eta langileei gehiago zehaztu diezaieten zain daude. Ildo horretatik, lantegiarekin jarraitzeko asmoa badute eurekin egongo direla, baina, aldiz, lantegia ixteko asmoarekin jarraitzen badute borrokan jarraituko dutela adierazi du.

Enpresak negoziazio prozesuan euren jarrera «erabat malgua» izan dela, «langileak berriro kokatzeko programa» eskaini zuela eta kaleratze baldintzak «legediak arautzen dituenak baino hobeak» zirela azaldu du. Horren aurrean, adierazpen horietako batzuk «ez direla egiak edo xehetasunak behar dituztela» dio Zabaletak: «Langileak berriro kokatzeko programa esaten dutenean, esaterako, 75 langiletik 5 baino ez zituzten kokatzea aurreikusten».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!