Bertsolaritzaren historian sortzailerik garrantzitsuenetako bat izan zen Kattarro ezizenez ezagutua zen Otaño. Nonbait, asmaren eraginez-edo, bat-bateko bertsogintzan aritzeko nahiko arazo ematen zizkion eztarriak, eta hori dela eta, idatzizko bertsogintzan jardun zen zizurkildarra. Haren ibilbideari jarraiki, gai, neurri eta doinuei dagokienez askatasun osoa izango duen bertsopaper txapelketaren lehen edizioa antolatu du Hernandorena kultur elkarteak.
Adinaren arabera, bi mailatan banatu dute lehiaketa: hemezortzi urtetik beherako gazteak eta helduak. Parte hartzaile bakoitzak, nahi adina bertsopaper aurkeztu ditzake, baina, gazteen kasuan, lan bakoitzak gutxieneko sei eta gehieneko hamar bertso izan beharko ditu. Helduen gutxieneko bertso kopurua berriz, zortzikoa da, eta gehiengoa, hamabikoa. Lanak aurkezteko azken data, apirilaren 10a izango da. Sari banaketa, ordea, ia hilabete beranduago ospatuko da, Zizurkilen egingo den bertso afariaren barnean. Irabazleek gainera, beren bertsoak kantatzeko aukera izango dute. Ia 1500 euro banatuko dituzte saritan: gazteen mailako irabazleak 250 euro jasoko ditu, eta txapeldunordeak, 100 euro. Helduen kasuan berriz, lehen sailkatuak 500 euroko ordainsaria izango du, eta bigarrenak aldiz, 250 eurokoa.
Diaspora ere kontuan
Lehiaketa, baina, ez da Euskal Herrian bizi direnei soilik zuzendutakoa izango. Izan ere, Otañok Ameriketan ere utzi zuen bere arrastoa, eta diasporako euskaldunak kontutan hartu nahi izan dituzte eurentzako beste maila bat eratuz. Argentinan bizi izan zen hainbat urtez euskal olerkaria. Lehen euskara irakaslea ere izan zen lur haietan, 1910ean Santa Fe-ko Rosarion bihotzekoak emanda zendu zen arte.
Harrez geroztik, eta beti ere Otaño ardatz izanik, harremana mantendu izan dute Zizurkildik Argentinako zenbait euskal etxeekin. Esaterako, duela hiru urte, Kattarro-ren heriotzaren mendeurrena ospatu zuten. Hainbat ikerketa ere egin dituzte. Eta gaur egun, La Platako Unibertsitatean haren izeneko katedra bat irekitzeko lanetan dihardute Etxepare Institutuarekin. Bertsopaper lehiaketaren bidez, urte hauetan guztietan izandako lotura sendotzeko helburua du Hernandorena kultur elkarteak. Parte hartzeko deialdia euskal etxeen sarean zabaldu dute. Gazteen baldintza berak izango dituzte hauek.
Baldintzak
Bertsopaper lehiaketa
Hiru maila. Gazteen maila (hemezortzi urtetik beherakoak); helduen maila (1995ean edo aurretik jaiotakoak); eta Diasporakoen maila (Euskal Herritik kanpo bizi direnak, bereziki, Argentinakoak).
Lanak. Gazte eta diasporakoen mailetan, gutxienez sei eta gehienez hamar bertso idatzi beharko dira bertsopaper bakoitzeko. Helduen mailan, berriz, gutxienez zortzi, eta gehienez hamabi. Parte hartzaile bakoitzak, nahi adina bertsopaper idatzi ahal izango ditu.
Gaia. Neurria, doinua eta gaia libreak izango dira.
Bertsoak. Jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute
Helbidea. Lanak, e-postaz pedromariotano@zizurkil.net helbidean, zein paperean jasoko dira honako helbide honetan: Hernandorena Kultur Elkartea. Pello Mari Otaño Bertsopaper Lehiaketa. Iriarte etxea, Pello Mari Otaño plaza, 1. 20159, Zizurkil.
Epea. Lanak bidaltzeko azken eguna, apirilaren 10a, izango da.
Sariak. Gazte eta diasporakoen mailan, lehen sariak 250 euro eta bigarrenak 100 euro. Helduen mailan, lehenak 500euro eta bigarrenak, 250euro.
Sari Banaketa. Maiatzaren 4an izango da Zizurkilen egingo den bertso afarian.