ERREPORTAJEA

Joan ziren, baina hemen daude oraindik

Josu Artutxa Dorronsoro

Peiremans taldea. JOKIN FERNANDEZ

Bigarren aldiz berpiztu den Peiremans+ taldeak 19 kontzertu egingo ditu Euskal Herrian zehar bihartik abenduaren 29ra bitarte, eta sarrera guztiak agortuta daude; bihar, Bonberenean ariko da, 22:00etan.

Bakoitzak bere taldearekin bizi zuen etenaldia baliatuta elkartu ziren 2005ean Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Imanol Ubeda (Bide Ertzean) eta Haritz Beristain Txiki (Kashbad), eta hala sortu zuten Peiremans+. Bost kantako disko txiki bat —Peiremans+— grabatu, zuzeneko batzuk egin, eta tarte baterako proiektua etetea erabaki zuten. 2015ean, berriz elkartu, bost kantako beste disko labur bat atera —Bigarren saria—, eta kontzertu berriak eman ondoren, berriz ere lozorroan murgildu ziren.

Aurten, bigarrenez berpiztu dute proiektua. Ekainean zazpi kontzertu iragarri zituzten, Halley Tour deituriko biraren barruan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Azpeitian eta Miarritzen. Areto bakoitzean kontzertu bana egitea zen taldekideen asmoa, baina berehala agortu ziren horietarako sarrerak, eta, aurrerago, data berriak iragarri zituzten. Azkenean, 16 kontzertu egingo dituzte abenduaren 4tik 29ra bitarte areto horietan.

Halley kometa abiatu aurretik, ordea, berotu egingo dute. Datozen hiru egunetan, beste horrenbeste kontzertu biltzen dituen Beroketa Ariketak Tour bira egitea aurreikusten zuten: gaur, Elgetako Espaloia Kafe Antzokian aritu behar zuten, baina soinu teknikarien greba deialdiarekin bat egin eta gero, abenduaren 19ra atzeratu dute. Ondorioz, bihar egingo dute lehen kontzertua, Tolosako Bonberenean; Tolosaldean egingo duten bakarra izango da. Etzi, berriz, Gernikako Astran ariko dira. Autogestionatutako tokiak, eta, aldi berean, urtean zehar eszenari eusten dietenak aldarrikatu nahi dituzte, musika zaleentzat «zaindu beharrekoak» direlako.

Ondorioz, denera, 19 izango dira egingo dituzten kontzertuak, ikuslea lehenetsi dutelako. «Guk ez genuen hordago egiteko asmorik. 6-7 emanaldi egin nahi genituen, eta kito, baina hamar urtez behin elkartzen garenez, ez genuen inor sarrerarik gabe utzi nahi. Orain beldur naiz ez ote dugun gehiegi sakrifikatuko geure burua, ikusleen alde. Oso ondo pasatuko dugu, baina, akaso, lehenengo formula egokiagoa zen guretzat», azaldu du Ubedak.

Erronka berriarekin «gogotsu bezain arduratuta» sentitzen dela aitortu du tolosarrak. «Guk ez genuen halakorik irudikatzen, baina putzu sakonetan sartu gara berriro. Gure asmoa zen emanaldi batzuk egiteko aitzakiaren bueltan berriro elkartzea, baina ez genuen halako ikusminik aurreikusten. Tsunami bat bilakatu da guztia, hori bai, guk horren alde egin dugulako, guk ere utzi diogulako geure buruari tsunami horren parte izaten, eta orain apur bat gainezka egin digu», onartu du. Hala ere, «oso pozik» daudela nabarmendu du.

Kontziente dira berpiztea erabaki duten euskal musika talde guztiei gertatu zaiela iragarritako kontzertuetarako sarrera guztiak saltzea, eta aurreikusten zuten halakorik gerta zitekeela. «Duela hamar urte sei kontzertu egin genituen, baina orduan bakar batean ere ez zen sold out fenomenoa gertatu. Bilboko Kafe Antzokian bakarrik agortu ziren, baina azken unean. Pandemiaz geroztik, gizartea erotu egin da, oro har».

Ubedaren iritziz, «nostalgiaren faktorea» gehitu behar zaio horri. «Asko gailendu da, zoritxarrez, eszenan. Niretzat ez da seinale ona artistikoki atzera begira egotea, ezta sozialki ere. Nostalgiaz begiratzen duzunean, edertzen duzu, baina orduko gorabeherak kontuan hartu gabe. Uste dut ez dela ona musika eszenarentzat. Iraganekoa hor dago, eta erreferente izan behar du, baina gaur egun gauza oso interesante asko dago musika eszenan. Pena ematen dit halakoak gertatzeak, eta talde interesgarriak norbere herrira joaten direnean haiek ikustera jende gutxi joateak». 

Apirilaz geroztik, ‘Hirugarren mailan’

Apirilaren 5ean dago fenomeno honen jatorria. Ordura arte, taldeko kideek ez zuten horren arrastorik ere. Urbizuk eta Ubedak ohitura dute urtean bitan elkartzeko, elkarren berri izateko, eta egun horretan elkartu ziren. Urbizuk Ubedari kontatu zion 2026an ez zuela kontzerturik egingo, eta udazkenean libre egongo zela. «Gorkak oso gustuko ditu efemerideak, zalea da, eta 20. urteurrenaren aitzakian, kontzertu batzuk egin genitzakeela esan zidan; buruan bazuen ideia, behintzat», esan du Ubedak. Taldekideak jabetu ziren agendak libre zituztela, eta proposamena egikaritu zuten.

Imanol Ubeda: «Maiatzetik hona itzaleko ahalegin handia eskatu digu disko berriak, baina gustura egin dugu»

Eta ez dira esku hutsik itzuli. Batetik, 2005ean eta 2015ean argitaratutako bi diskoetako kantuak –masterizatuak– biltzen dituen binilo bat atera dute. Bestetik, bost kanta berri biltzen dituen disko labur bat osatu dute: Hirugarren mailan. «Gorkari esan nion biniloaren ideia oso ondo zegoela, baina bost kantu berri atera behar genituela, guztia ez zedin izan guk hainbeste gorroto dugun nostalgia hori. Azkenean, denbora, energia eta lan asko behar izan dugu disko berria prestatu eta grabatzeko. Maiatzetik hona, itzaleko ahalegin handia eskatu digun lana izan da, baina oso gustura egin dugu, guretzako plazer handia delako konposatzea», azaldu du Ubedak.

Konposatzen ez ezik, taldekideak oso ondo pasatzen ari dira entseguetan, eguneroko gorabeherak atzean utzi, duela hamar eta hogei urteetako uneak gogoratu eta euren burua ia bi orduz musikara eskaintzeko. Aipatutako hiru diskoetako kantuek nahiz zenbait bertsiok osatuko dute kontzertuetako kantu-zerrenda, eta azken asteetan, emanaldi horiek prestatzen aritu dira buru-belarri. «Kostatzen ari zaigu taldeak eskatzen duen martxa hartzea, berriro piezak lotzea, alegia, batez ere sonoritate aldetik. Trinkotasun bat izan behar du gure musika proposamenak, eta horrek denbora eskatzen du. Hala ere, entseguen bitartez ari gara amesten dugun soinu-ezaugarrietara hurbiltzen», esan du Ubedak. Julen Zeballos leitzarrak joko du baxua kontzertuetan. 

Peiremans ezagutu eta taldea azalberritu

Realeko gizonezkoen lehen taldean izar izateko bidean erorialdia izandako Frederic Peiremans futbol jokalari belgikarrari hartu zioten izena 2005ean, eta galtzaileen eta porrotaren irudi modura erabili dute geroztik. Oraingoan, ordea, erabateko porrota izan dute porrot egiten, eta pikutara joan zaie joko handia ematen zuen koartada. Hala ere, aurreko bi aldietan lortu ez zuen zerbait lortu du orain taldeak: benetako Peiremansekin hitz egitea.

2015ean saiatu ziren lehen aldiz. «Adierazi nahi genion bere izena erabiltzen ari ginela musika talde bat izendatzeko. Eskerrak eman eta disko bat oparitu nahi genion, hau da, kontaktua egin, baina inoiz ez genuen lortu berarekin hitz egitea». Anderlecht klubeko harrobiko talde bateko entrenatzaile zela jakin zutenean, mezu bat idatzi zioten klubari, baina ez zuten erantzunik jaso.

Orain, aukera berria suertatu zaie. Igor Jauregi ibartarra orduko Realeko jokalaria izan zen. Ubeda eta biak lagunak dira, eta Jauregik egin ditu bitartekari lanak. «Gorka jarri zen Peiremansekin harremanetan. Eskerrak eman dizkiogu, berari esker momentu on asko eman dizkigun talde bat martxan jarri genuelako». Abenduan Euskal Herrira etortzekoa da, eta kontzerturen batera gonbidatzea da taldekideen asmoa, elkar ezagutzeko. «Horretan ari gara».

Imanol Ubeda: «Frederic Peiremans irribarretsu ikustea opari bat izan da guretzat; paraleloki, zirkulua itxi dugu»

Peiremansekin izandako mezu trukaketan, argazki bat eskatu zion Urbizuk futbolariari, binilo berriaren azala izatea nahi baitzuten. «Ez zuen inolako arazorik izan, eta zenbait irudi bidali zizkigun; guztietan irribarretsu zegoen». Udebak aitortu du eduki zezaketen «azalik ederrena» dela. «Taldearen izenean dagoen + horrekin bat dator. Zulo beltz batean egon eta ateratzen jakin ondoren, irribarretsu ikustea opari bat izan da guretzat. Paraleloki, guretzat ere zirkulua ixtea izan da», azaldu du.

Euskal eszenari, maitasunez

Kontzertu biraren lehen asteburuak Durangoko Azokarekin bat egingo du, eta bertan salgai izango dituzte diskoa eta biniloa. Landako Gunearen ondoan, bada Palentino izeneko taberna bat; toki berezia da, sortzaileak bertan biltzen direlako azokak irauten duen egunetan, elkarren berri izateko. Bada, diskoa argitaratu aurretik, Durangoko Palentinoan aurrerapen kantua eta bideoklipa kaleratu zituen Peiremans taldeak. «Giro berezia sortzen den lekua da, eta abestia entzunda, Palentinoan egon den edonork berehala ulertuko du, eta egon ez bada, segituan sumatuko du bertan egoten den giroa», esan du Ubedak.

Tolosarrak azpimarratu du «maitasun handiarekin» egindako abestia dela, oro har, euskal eszenari eskainia. «Euskal eszenan denok elkarrekin egin behar dugu aurrera, nahiz eta gure artean desberdintasunak izan. Egia da baduela autokritika eta auto-ironia puntu bat ere. Eszenari buruz barre egiten ari bagara, barre egin dezagun denok». Bideokliperako, txikitero kuadrilla baten ondoan jotzen aritzea zen lehen asmoa, baina eszena aipatzen zutenez, azkenean, sortzaile eta artistak gonbidatu zituzten. «Kasu honetan ere, ez genuen jakin gauzak neurrian egiten, eta 50 lagun inguru elkartzea lortu genuen. Oso pozik gaude. Tabernan bizitzen den giroa transmititzen saiatu gara, eta uste dut lortu dugula».

Kontzertuen datak

BEROKETA ARIKETAK TOUR
  • *Azaroak 27. Elgetako Espaloia Kafe Antzokian. Abenduaren 19ra atzeratu dute, soinu teknikarien greba deialdiarekin bat egin ondoren.
  • Azaroak 28. Tolosako Bonberenean.
  • Azaroak 29. Gernikako Astran.
HALLEY TOUR
  • Abenduak 4 eta 5. Miarritzeko Atabalen.
  • Abenduak 8, 9, 28 eta 29. Bilboko Kafe Antzokian.
  • Abenduak 10, 11 eta 18. Azpeitiko Sanagustinen.
  • Abenduak 16 eta 17. Gasteizko Jimmy Jazzen.
  • Abenduak 20, 26 eta 27. Donostiako Dabadaban.
  • Abenduak 22 eta 23. Iruñeko Zentralen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!