Peña II.a eta Iztueta bikote, binakakoaren lehen jardunaldian

Josu Artutxa Dorronsoro

A Serieko txapelketa jokatuko duten pilotariak, atzo, Bilbon. BAIKO

B Serieko txapelketa jokatuko duen Peña II.ak Larrazabal ordezkatuko du; Altuna III.ak Ezkurdiarekin jokatuko du, Jakak Mariezkurrena II.arekin eta Artolak Albisurekin. Amezketarrak ere ez du jokatuko lehen jardunaldian.

Ia zortzi hilabete igaro dira Altuna III.ak eta Ezkurdiak Binakako Txapelketako finalean Laso-Albisu bikotearen aurka 18-22 galdu zutenetik. Txapelketaren azken hiru edizioetako finaletan, beti egon da eskualdeko pilotariren bat. 2024an, amezketarrak eta Martijak 20-22 galdu zuten Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka. 2025eko finalean ere bi tantoko aldeaz galdu zuten Iñaki Artola alegiarrak eta Mariezkurrena II.ak Ezkurdia eta Rezustaren aurka.

Bada, gaur aurkeztu du Pilota Pro Ligak Binakako Txapelketaren edizio berria, eta bigarrenez jarraian, bikotea errepikatuko dute amezketarrak eta arbizuarrak. Artolak, berriz, Albisu txapeldunarekin jokatuko du. Eskualdeko bi pilotari gehiago ariko dira A Seriean. Batetik, Martxel Iztueta. Hirugarren txapelketa izango du tolosarrak; aurreko bi edizioetan aurrelari banarekin –Laso eta Jaka– aritu ondoren, aurten beste bat izango du bikotekide: Larrazabal.

Bestetik, Erik Jakak zortzigarren aldiz jokatuko du txapelketa. 2020az geroztik, sei atzelari desberdinekin aritu da lizartzarra, eta horietako batekin, Mariezkurrena II.arekin, bi aldiz, 2022an eta 2024an. Lehen aldian zazpigarren izan ziren lehen fasean, eta, ondorioz, ez ziren finalerdietara sailkatu. Bigarren aldian, berriz, lehen faseko bikote onena izan ziren, baina finalerdietako ligaxkako hiru partidak galdu zituzten. Aurten, hirugarrenez elkarrekin jarri dituzte.

Hauek dira txapelketako beste lau bikoteak: Laso-Landa, Peio Etxeberria-Martija, Elordi-Zabaleta eta Zabala-Rezusta. Azken asteetan, pilota zaleak zenbait kiniela egiten aritu dira: zein pilotarik jokatuko zuten txapelketa eta zein geratuko ziren kanpoan. Eta badira zenbait nobedade edo sorpresa. Amaitu berri den Lau Eta Erdiko Txapelketan Baiko Pilotako pilotarien artean onena izan zen Peña II.a tolosarrak ez du A Serieko txapelketa jokatuko, ezta Dario buruz buruko txapeldunak ere. Biak B Seriekoan ariko dira, baita Imaz oiartzuarra ere, Unax Landa herrikideak kendu baitio postua; gainera, titular modura debuta egingo du txapelketan. 

Etzi abiatuko da txapelketa Bilbon. Larunbatean, Larrazabal ordezkatuko duen Peña II.a eta Iztueta tolosarrek elkarrekin jokatuko dute, Lizarran, Artola-Albisu bikotearen aurka. Igandean, Tolosako Beotibar frontoian jokatuko dute Jaka-Mariezkurrena II eta Laso-Landa bikoteek. Altuna III.ak, berriz, astelehenerako zegoen iragarrita, Eibarren, baina Dariok jokatuko du Ezkurdiarekin Zabala-Rezusta bikotearen aurka. Bigarren jardunaldian ere Tolosan jokatuko dute Jakak eta Mariezkurrena II.ak; Artola eta Albisu izango dituzte aurkari, abenduaren 8an. Bigarren itzuliko elkarren arteko neurketa ere Beotibarren jokatuko dute, urtarrilaren 5ean.

Otsailaren 11tik 14ra bitarte jokatuko dira finalerdietara sailkatzeko aurre-kanporaketak. Finalerdietako ligaxka, berriz, otsailaren 20tik martxoaren 7ra jokatuko da. Azkenik, finala, martxoaren 21ean izango da Nafarroa Arenan.

Gabirondo ere B Seriean

Aurrez aipatu moduan, Peña II.a tolosarrak B Seriean jokatuko du, bigarren urtez jarraian. Salaverri II.arekin jokatu zuen azken edizioan, eta txapeldunorde izan ziren. Aurten, Lizeagarekin osatuko du bikotea. Peña II.ak galdu zuen finalean, txapeldun izan zen Arkaitz Gabirondo gazteluarra; Muruarekin osatu zuen bikotea. Aurten, ordea, Rekalderekin jokatuko du. Dario-Loza, Murua-Eskuza, Salaberria-Bikuña, Amiano-Aranguren, Senar-Eskiroz eta Zubizarreta IV-Imaz dira beste bikoteak. Gorka Ugartemendia alkizarra kanpoan utzi dute.

Lehen jardunaldian, Dario-Loza bikotearen aurka jokatuko dute Rekaldek eta Gabirondok, etzi, Baños de Rio Tobian (Errioxa). Peña II.aren ordez ariko den Zubizarreta III.ak eta Lizeagak, berriz, Amiano-Aranguren bikoaren aurka, egun berean, Bilbon. Finalerdietako ligaxka otsailaren 19tik martxoaren 5era bitarte izango da, eta finala, martxoaren 13an Iruñeko Labriten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!