Aldiriko tren-zerbitzuak duela 10 urteko maiztasunak berreskuratuko ditu ostegunean

Tolosaldeko Ataria

Astegunetan 79 tren ibiliko dira egunero Irun eta Brinkola arteko ibilbidean. Azaroaren 2an egin zituzten hobekuntzen ondoren, % 20 handituko dira maiztasunak.

Azaroaren 26tik aurrera, tren gehiago izango dituzte Irun-Brinkola trenbidean, Renfek iragarri duenez. Gehituko dituzten zerbitzuak Renferen webgunean ikus daitezke. 

Hamar urte pasatu dira Hernani eta Irun arteko AHT Abiadura Handiko Trenaren (AHT) hirugarren haria jartzeko obrak hasi zirenetik; lan horiek hainbat murrizketa eta eragozpen eragin dituzte zerbitzuan. Gipuzkoa zeharkatzen duen C1 lineak, Brinkola eta Irun artekoak, hobekuntza nabarmena izan zuen joan den azaroaren 2an: maiztasunak % 25 handitu ziren, hirugarren haria jartzeko obrak amaitutzat eman zirenean.

Ostegunetik aurrera beste % 20 handituko dira maiztasunak, eta, horrenbestez, lanegunetan –astelehenetik ostiralera– egunean 79 tren izango dira. Larunbatetan, egunean 57 tren ibiliko dira, eta igandeetan, berriz, 45.

Azaroaren 2tik aurrera, aldiriko tren-zerbitzuak lehen hobekuntza izan zuen: lanegunetan 66 tren ibiltzen hasi ziren egunean, larunbatetan 53 eta igandeetan 43. Beraz, ostegun honetatik aurrera, beste 13 tren gehituko dira astelehenetik ostiralera, lau larunbatetan eta bi igandeetan.

Renfek gomendatu du ordutegi eguneratuak kontsultatzea haren webgunearen eta ohiko informazio kanalen bitartez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!