Lankidetza eta elkartasun loturak sendotu dituzte

Lizartzako eta Anoetako udalek, Euskal Fondok antolatutako Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako elkartasun bidaia instituzionalean parte hartu dute.

Euskal Fondoak Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara elkartasun bidaia instituzionala antolatu du. Euskal Herriko hainbat hautetsik parte hartu dute bidaian, eta tartean izan dira Iñaki Azpiroz Lizartzako alkatea eta Egoitz Luisa Anoetakoa. Bisitaren helburua saharar herriaren eguneroko errealitatea bertatik bertara ezagutzea, elkartasuna adieraztea, lankidetza harremanak indartzea eta etorkizuneko elkarlan bide berriak aztertzea izan da.

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko beste hainbat erakunde publikotako ordezkariek ere parte hartu dute. Ordezkaritzak saharar erakundeekin, gizarte eragileekin eta agintariekin bilerak egin ditu, errefuxiatuen kanpalekuetako egoera zuzenean ezagutzeko eta urte luzez eraikitako elkartasun-harremanak sendotzeko. 

Lan agendaren barruan, ordezkaritzak Saharako emakumeen, gazteen eta giza eskubideen alde lan egiten duten erakundeekin topaketak egin ditu. Bilera horietan, saharar herriak aurrean dituen erronkak ezagutzeaz gain, emakumeen ahalduntzearen, gazteen etorkizunaren eta giza eskubideen defentsaren alde egiten diren ekimenak gertutik ezagutzeko aukera izan dute. 

Era berean, euskal erakundeen laguntzarekin martxan dauden hainbat lankidetza proiektu bisitatu dituzte. Besteak beste, uraren eta ingurumenaren arloko azpiegiturak, garraioarekin lotutako proiektuak eta nutrizio-segurtasuna indartzera bideratutako programak. Bisita horiei esker, udal ordezkariek lankidetza-proiektuen emaitzak eta herritarren bizi- baldintzetan duten eragina lehen eskutik ikusi ahal izan dituzte. 

Lizartzako senidetzea

Bidaiaren une esanguratsuenetako bat Saharako Parlamentuan egin den senidetze ekitaldia izan da. Topaketa horrek Euskal Herriko eta Saharako herrien arteko elkartasunaren eta lankidetzaren aldeko konpromisoa indartu du. Lizartza Saharako Mahbes dairarekin (udalerriarekin) senidetu da bidaia honetan. Senidetzea astelehenean egin zuten Rabuniko parlamentuan, Lizartzako eta Mahbes dairako alkateak bertan zirela. Ekitaldian hainbat hitzaldi eta agerraldi egin zituzten, eta bi herrien arteko harremana ofizialdu zuten.

Lizartzako ordezkariek ez zuten Mahbes bera bisitatzeko aukerarik izan. Mahbes daira Smarako wilayan dago kokatuta, baina bidaiaren agendak ez zien hara joateko tarterik utzi. «Senidetu gara, baina Mahbesera ez dugu joaterik izan, eta hurrengo bidaia batean bertara joateko konpromisoa hartu dugu», azaldu du Azpirozek.

Hemendik aurrera, senidetzea Lizartzan ezagutaraztea izango dute helburu. Horretarako, herri mailako komunikatu bat kaleratuko dute, eta datorren urteko otsailean ekitaldi bat antolatu nahi dute herrian. Horrez gain, saharar herriaren auzia eta herritarren eskubideak defendatzen eta ikusgarri egiten jarraitzeko asmoa berretsi du alkateak. Euskal Fondoaren bidez, errefuxiatuen kanpalekuetan garatzen diren proiektuak babesten jarraituko dutela ere esan du, sahararren eguneroko bizimodua hobetzeko.

'Elkartasun maleta' 

Anoetak ere lotura berezia du saharar herriarekin, izan ere, bi urte dira Echraifia dairarekin senidetuta dagoela, eta bidaia honetan herria bera bisitatzeko aukera izan du Anoetako ordezkaritzak. «Bertakoek ilusio eta emozio handiz hartu gintuzten, oso harrera herritarra eginez. Duela bi urte senidetu ginen eta orduan beste alkate bat zegoen, baina oraingoan ere herriko eta udaleko ordezkari zein elkarte ezberdinekin bildu gara. Bakoitzak bere lana aurkeztu digu eta eskerrak eman dizkigute emandako babesagatik eta egindako bisitagatik», kontatu du Luisak.

Anoetako Udalarekin batera, Anoetako Herri Ikastola eta Tolosaldea Sahararekin elkartearekin elkarlanean Elkartasun maleta ekimena landu du, zeinaren ondorioz anoetarren elkartasun mezuz betetako maleta eskura eman ahal izan dion Anoetako alkateak Echraifiako alkateari. Elkartasun maletaren bidez, anoetarrek maitasuna, elkartasuna eta gertutasuna adierazi nahi izan dizkiote saharar herriari. Horregatik, maleta «ez da objektu hutsa» izan. Alde batetik, Anoetako eguneroko bizitza erakutsi nahi izan diete sahararrei, herriko txoko, kale eta plazen marrazkiak eta argazkiak erakutsiz. Bestetik, elkar ezagutzeko bidean sakontzeko, sahararrei zuzendutako galderak, hausnarketak, esaldiak eta gutunak bildu dituzte. Azkenik, animo eta gertutasun mezuak ere eraman dizkiete maletan sartuta. 

Udalerri txikiek ere nazioarteko elkartasunean eta garapenerako lankidetzan zeregin esanguratsua izan dezaketela nabarmendu du alkateak: «Gure erronka nagusia harreman honi eustea da; hemendik eraman dugun babesaz gain, denborarekin bertako herritar eta erakundeen agurrak zein mezuak jaso eta hona bideratzea gustatuko litzaiguke».

Krisi diplomatiko larrian

Azpirozen arabera, «oso gizarte antolatua» osatu dute, baliabide gutxi izan arren, azken urteotan zenbait hobekuntza izan baitira kanpalekuetan, bestak beste, argindarraren horniduran eta errepideen azpiegituretan. Hala ere, «garai delikatuak» bizi dituztela gaineratu du Luisak. «Izan ere, Mendebaldeko Saharako egoera politikoa krisi diplomatiko eta militar larrian dago NBEren MINURSO –Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Egiteko Nazio Batuen Misioa– 35 urteren ostean bertan behera geratu delako». 

1991ko apirilaren 29an sortu zuen NBEren Segurtasun Kontseiluak, Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko su-etena bermatzeko eta erreferendum bat prestatzeko, saharar herriak bere etorkizun politikoa erabaki ahal izateko. Aurtengo urriaren 31n amaitu da MINURSOren agintaldia, NBEren Segurtasun Kontseiluak ez duelako haren jarraipena bermatzeko akordiorik lortu. Hortaz, saharar herria momentu honetan blokeo diplomatiko baten, nazioarteko zatiketaren eta tentsio armatuaren gorakadaren artean mugitzen da.

Saharar herria gatazka politiko hau konpontzeko «babes gabe» sentitzen dela adierazi du Luisak, eta egoera horretan Euskal Herriko ordezkaritzaren babesa «asko eskertu» dutela adierazi du. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!