Azaroak 25

Tolosaldeko Mugimendu Feministak kaleak hartuko ditu azaroaren 25ean

Tolosaldeko Ataria

Joan den urteko mobilizazioetako une bat.

Azaroaren 25a ate joka dagoen honetan, mugimendu feministak gogoratu du ez zaizkigula arrazoiak falta kaleak «aldarriz, haserrez, amorruz, eta garrasi ozenez betetzeko».

Tolosaldeko Mugimendu Feministak azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, kaleak hartzeko deia egin die herritarrei. Elkarretaratzeak egingo dituzte Altzo, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Bidania-Goiatz, Tolosa eta Villabonan. 


Mugimendu feministako kideek esan dute aurten ere kaleak hartzeko arrazoiak daudela, eta azken urtean Euskal Herrian eraildako 5 emakumeak ekarri nahi izan dituzte gogora; «Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie. Indarrez eta goxotasunez beteriko besarkada bero bana haien senide eta lagunei Tolosaldeko Mugimendu Feministaren izenean. Ez zaudete bakarrik eta ez dugu gertatutakoa ahaztuko. Memorian bizirik mantenduko dugu. Memoria kolektiboa borrokarako tresna gisa ulertzen baitugu; oroitzeko, osatzeko, aitortzeko, erreparatzeko eta borrokarako». Bestalde, beste besarkada bana eman nahi izan diete munduko hamaika txokotan borrokan eta erresistentzian dabiltzan emakume* eta sexu-genero disidente guztiei. Bereziki, Palestinara. 

Gaineratu dute ez direla garai errazak; «sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak egitura guztiak martxan ditu zapalkuntzak betikotzeko, eta beraz, indarkeriak betikotzeko. Gorputzetan nahiz lurraldeetan. Aspalditik diogu hiru zapalkuntza sistema horien ondorioz, emakumeak*, migratu eta arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak garela kolpatuenak. Eta baieztapen hori geroz eta era ageriagoan ari da materializatzen faxismoak, eskuin muturrak nahiz eskuineko hainbat mugimendutan ikus daitezken jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bitartez».

Esan dute ez dutela feminismoaren instrumentalizazioa onartuko «gorroto diskurtsoak zabaltzeko eta feminismotik ezer gutxi duten neurriak proposatzeko». Feminismoaren izenean diskurtso arrazistak ere ez dituztela onartuko esan dute, eta ezta segurtasunaren izenean polizia gehiago behar denaren ideia defendatuko ere. «Kontrara, justizia feministan sinetsi eta justizia feminista eraikitzen jarraituko dugu».

Horregatik guztiagatik, ez direla etxean geratzen esan dute, eta kaleak hartzen jarraituko dutela. «Tolosaldeko feministok kaleak hartu genituen azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen alde eta azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurka hartuko ditugu. Ez ginelako atzera egiteko jaio. Etor daitekeenaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu gure borrokarako tresna gisa; erasoen aurrean, eskubideen ukazioaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, gure bizitzekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean».

Aliantzak egiteko eta antolatzeko garai dela esan dute. «Askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta ekin behar diogu borrokari, nork bere lekutik eta elkarrekin. Zapalkuntzak izendatuz eta etsaiari aurre eginez. Indarkeria erreproduzitzen ari diren eta indarkeria matxista amaitzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen aurka antolatuko gara, anaidia sostengatzen ari diren gizonen aurka antolatuko gara eta antifeminismoa antolatzen ari direnen aurka antolatuko gara. Sareak sortuz eta aurre eginez. Askotariko indarkeriek gurutzatuta bizi beharko ez diren bizitzen alde. Faxismoari feminismoz erantzungo diogu».

Horregatik guztiagatik, Tolosaldeko Mugimendu Feministak kaleak hartzeko deia egin die herritarrei. Ondorengoak dira eskualdean iragarri dituzten mobilizazioak:

  • Altzo. 18:00etan, kontzentrazioa plaza.

  •  Anoeta. 19:00etan, kontzentrazioa plazan.

  • Asteasu. 18:30ean, kontzentrazioa plazan.

  • Berastegi. 18:00etan, kontzentrazioa plazan.

  • Bidania-Goiatz. 18:00etan, kontzentrazioa plazan.

  • Tolosa. 19:00etan, manifestazioa Triangulotik, Batumorek girotuta.

  • Villabona. 18:30ean, N1 azpiko zubian (Otsabi).

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!