Domina sorta irabazi dute eskualdeko hiru gaztandegik

Tolosaldeko Ataria

Agourreren Heletako (Nafarroa Beherea) gaztandegia.

Kordoban ospatu den Munduko Gazta Sarietan lau garaikur lortu ditu Asteasuko Goine gaztandegiak, eta hiru domina eraman dituzte, berriz, Orexako Oihan Txiki eta Lizartzako Agour gaztandegiek.

Joan den asteburuan Kordoban (Espainia) banatu dituzte Munduko Gazta Sarietako dominak. 38. edizioa, Guild of Fine Food erakundeak Gaztaren Institutuarekin batera antolatua, Andalucía-Gusto del Sur Nazioarteko Gazta Jaialdiaren barruan egin zen. Bertan, 45 herrialdetako 5.330 gazta mota bildu ziren, 51 herrialdetako 270 adituk itsu-itsuan dastatu zituztenak. 

Sarituen artean eskualdekoak ere izan ziren. Garaikur preziatuena Agourreko Ossau-Iraty JIB ardi gazta onduak jaso du, munduko bigarren gaztarik onena izendatu baitute. Agourrek Heletako (Nafarroa Beherea) gaztandegian egiten duen gaztak 81 puntura berdinduta amaitu zuen lehiaketako finala beste bi gaztarik onenekin. Gazta berak munduko gaztarik onenaren titulua irabazi zuen 2006an eta 2011n; 2018an bigarren izan zen; eta 2025ean Frantziako gaztarik onenaren garaikurra jaso zuen.

Maison Agourrek euskal gazten sorta zabala eskaintzen du, tradizionalenetatik berritzaileenetara, Iratiko (Nafarroa) gaztandegian eginak. Euskal Herriko bi gazta-jatorri deiturak –Ossau-Iraty JIB eta Idiazabal JIB– ekoizten dituen etxe bakarra da Agour, eta Lizartzan ere gaztandegia du.

Munduko Gazta Sarietako aurtengo edizioan ordea, ez da Agorrek jaso duen domina bakarra izan, beste bi zilar ere lortu baititu; bata ahuntz-esnez egindako gaztagatik, eta bestea ardi-esnez egindako Petit Agour gaztagatik.

Asteasuko Goine gaztandegiak lau domina lortu ditu. Garaikur preziatuena Goine Gaztak izeneko ardi gazta onduak jaso du, zilarra eskuratu du pasta biguneko Gala ardi gaztak, eta brontze bana irabazi dute Yrula ardi gazta trufadunak eta Goine Gaztak ketuak. 

Joseba Otegi Goine gaztandegiko arduradunak adierazi du sari hauek egiten duten lanaren «aitortza» direla: «Prestigio bat ematen diete gure produktuei, eta beste etxe batzuen aldean non gauden ikusteko ere balio dute. Gure produktuen kalitate maila erakusten dute, eta pozez jasotzen ditugu, noski. Ilusioa pizten dute». 

Bestalde, munduko txapelketan beste hiru domina eskuratu ditu Orexako Oihan Txiki gaztandegiak ere. Hain zuzen, zilarra jaso du Hika txakolinarekin ondutako pasta biguneko Orexa Gorria ardi gaztak, eta brontze bana eskuratu dute Orexa Urdina eta Orexa Tradizional gaztek, hurrenez hurren, ardi gazta urdina eta ondua. 

Bide luzea izan du Orexa Urdinak Eusko Label lehen ardi latxa gazta izan zenetik, eta sari honek «indarra hartzeko» balio diela aipatu dute Oihan Txikiko kideek. Era berean, Orexa Tradizional gazta garai batean Orexan egiten zen gazta baten berreskuratzea dela adierazi dute, eta oraindik «lehen elaborazioetan» ari omen dira, baina «hasiera ezinhobe honek asko animazen» dituela aipatu dute.

Beste zenbait sari

Munduko Gazta Sarietan ez ezik, eskualdeko gaztandegiek lortu dituzte aitortzak beste zenbait txapelketetan ere. Esate baterako, urriaren hasieran Tolosan egindako Esneki azokan, pasta biguinen atalean bigarren eta hirugarren postuak eskuratu zituzten orexarrek, hurrenez hurren, Otzara Orexa eta Orexa Gorria gaztekin. Oihan Txikiko arduradunek aipatu dute «ekoizten hasi berriak» direla biak, eta sari horiek lanean jarraitzeko «sekulako indarra» ematen dietela.

Bestalde, joan den urriaren 17an, Pirinioetako Artisau Gazten Lehiaketaren 32. edizioa egin zen, La Seu d'Urgelleko Fira de Sant Ermengol azokaren barruan. Pirinioetako hainbat lurraldetako ekoizleak bildu zituen hitzorduak, eta mendialde horietan egindako gazten aniztasun eta kalitate handia agerian utzi zuen beste behin.

Eskualdeko hiru gaztandegi izan ziren bertan: Berastegiko Gazpio gaztandegia; Lizartzako Agour Berri gaztandegia, ardi-gazta onduen kategorian zilarrezko domina lortu zuena Ossau-Iraty JDB Gran Affinage gaztarekin; eta Asteasuko Goine gaztandegia, lehiaketako protagonista nagusietako bat izan zena, guztira lau domina eskuratuta: pasta biguneko Gala ardi-gaztak urrezko domina lortu zuen, Goine Gaztak ardi-gazta onduak brontzezko domina; eta Muuxu behi-gazta onduak eta Yrula trufadun ardi-gaztak zilarrezko domina bana eskuratu zituzten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!