Azaroaren 25a —datorren asteazkena— Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta Tolosako Triangulotik 18:00etan abiatuko du manifestazioa Tolosaldeko Itaiak. Kaleko mobilizazioa apaltzen eta indarkeria matxista normalizatzen ari delakoan daude Amaia Simpler (Tolosa, 2000) eta Garoa Lizartza (Ibarra, 2002) Itaiako kideak, eta horren aurrean aldarrikatu dute, besteak beste, instituzioetatik harago antolatzea eta kalean «erantzun indartsuak» ematea.
Datorren asteazkenera begira zer aldarrikatzen duzue?
Amaia Simpler: Indarkeria matxistaren problematika inoiz baino aurpegi bortitzagoz ikusten dugu gizartean. Eta hori esaten dugu, batetik, eraso matxisten kopurua etengabe igotzen ari delako, eta, bestetik, horien bortizkeria ere areagotzen ari delako. Horren adibide dira, esate baterako, duela hilabete baino gutxiago Angelun Euskal Herriko seigarren erailketa matxista jazo izana, sare sozialetan emakumeon aurkako jazarpena eta irudi sexualizatuen zabalpena areagotzea, eta aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bikotekideek erasotutako 3.000 emakumetik gora erregistratu izana.
Garoa Lizartza: Onartezina bada ere, bere horretan jarraitzen dute, gainera, betiko indarkeria formek ere, batzuk aipatzeko, jai giroko ukituek eta erasoek, eta inpunitate osoz gure eskualdean ere martxan jarraitzen duten prostituzio etxeek.
Gehitu horri gizartean lekua hartzen ari direla ideia erreakzionario eta faxistak, eta horren eskutik zabaltzen ari direla emakumeon eskubideen aurkako diskurtsoak eta baita matxismoaren ukapena ere.
Simpler: Sumatzen dugu gizartearen zentzu komunean, nolabait, normalizatzen ari direla indarkeria matxista kasuak, eta uste dugu hori lotuta dagoela kaleko erantzuna apaldu izanarekin. Gehitu guzti horri egoerari aterabide errealak emateko ezintasuna edo borondate falta nabari dela neurri orotako instituzioen partetik.
Zuen ustez nola egin beharko litzaioke aurre?
Lizartza: Hiru ildo nagusi mahaigaineratzen ditugu: batetik, erasotzaileek jendartean tokirik ez izateko, lan egin behar dugu matxismoaren aurka gero eta jende gehiago posizionatu dadin; horrekin lotuta, herrietan zein auzoetan mobilizazioa sustatuko duen antolakuntza indartu behar dugu; eta, azkenik, emakumeen babesa bermatzeko kalitatezko bizi baldintzen alde borrokatu behar dugu.
Instituzioak indarkeria matxista kudeatzera mugatzen direla ere salatzen duzue. Zer esan nahi du?
Simpler: Ez dute matxismoarekin amaitzeko bide orri zehatzik edo inolako asmorik. Instituzioetako politikak indarkeria matxista kudeatzera eta norbanakoak heztera mugatzen dira. Egia da genero perspektibarekin loturiko neurriek lekua hartu dutela gobernu esparru ezberdinetan, baina politika horien mugak nabarmenak dira.
Lizartza: Emakume asko eta asko behartuta daude euren erasotzaileekin oso egoera txarrean bizitzera, tokian tokiko babes etxebizitzak kolapsatuta daude, izugarriak dira psikologia zerbitzuetarako itxaron zerrendak, trabaz beteta egoten dira prozesu judizialak... Nabarmena da eguneroko errealitate gordinari erantzuteko ezintasuna. Beste adibide bat da etxegabetzeek alternatibarik gabe uzten dituztela urruntze aginduen urratzeak eta indarkeria jasan dituzten emakumeak.
Simpler: Jarduna instituzioetara mugatzeak apaldu egin du kaleko mobilizazioa, eta bide beretik ahuldu da ideia matxistei eta faxistei aurre egiteko indarra. Horren aurrean, instituzioetatik harago eta ikuspegi independente batetik jardungo duen mugimendu indartsu bat eraiki behar dugu.
Zergatik da garrantzitsua mobilizatzen jarraitzea?
Simpler: Aurrez esandakoarekin lotuta, beharrezkoa da kalean erantzun indartsuak ematea emakume langilearen emantzipazioaren alde pausoak emateko; eta horretarako tresna bikaina dira, hain zuzen, azaroaren 25eko eta antzeko mobilizazioak. Instituzioetatik harago matxismoaren kontrako jarrera garatzea da helburua, eta baita emakumeen emantzipazioaren aldeko kontzientzia lana egingo duen kale mailako indar politiko jendetsua eratzea ere.
Lizartza: Halako hitzorduak erakusleiho dira matxismoaren aurrean erantzun irmoak emateko, normalizazioa borrokatzeko eta erasotzaileei erakusteko ez dutela lekurik gure herrietan zein auzoetan.
Ideia faxistei eta erreakzionarioei aurre egiteko ere behar-beharrezkoa da klase ikuspegitik eta independentzia politikoz arituko den mugimendu indartsu bat. Zentzu horretan jarraitu behar dugu, beraz, emakume langileon antolakuntza hedatzen.
Azaroaren 25ean zein mobilizazio egingo dituzue?
Simpler: Datorren asteazkenean manifestazioa egingo dugu Tolosan, zehazki, 18:00etan abiatuko da Triangulo plazatik. Eta gaurtik zabaldu nahi dugu deia asteazkenean bertaratzeko, mobilizatzeko, eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan antolatzeko.