Euskal Fondoak Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara elkartasun bidai instituzionala antolatu du. Hainbat hautetsi ari dira bidaian parte hartzen, eta tartean dira Egoitz Luisa Anoetako alkatea eta Iñaki Azpiroz Lizartzakoa. Bisitaren helburua da Saharako herriari elkartasuna adieraztea, urte luzez garatu diren lankidetza-harremanak indartzea eta herrien arteko loturak sendotzea.
Bidaian zehar, Anoetako alkateak, besteak beste, herritarren mezua eta babesa eramango ditu, baita Elkartasun Maleta ere. Ekimen horren bidez, Anoetako ikasle, familia eta herritarrek Saharako haurrei eta familiei zuzendutako mezuak, marrazkiak eta ekarpenak bidali dituzte, bi herrien arteko gertutasuna irudikatuz.
Bidaian zehar, Anoetako ordezkaritzak Echraifia herria bisitatuko du. Anoetak herri horrekin dauka senidetze-harremana, eta urteotan hainbat elkartasun eta lankidetza ekimen sustatu dira bi udalerrien artean. Topaketek harreman hori sendotzeko eta bertako biztanleen egunerokoa zein garatzen ari diren proiektuak ezagutzeko balioko dute.
Bide batez, Lizartzako herria Saharako Mahbes daira-rekin senidetuko da bidai honetan.
Ostiraletik asteartera
Egitarauaren barruan beste hainbat bisita instituzional eta lan-saio egiten ari dira. Besteak beste, uraren eta ingurumenaren arloko proiektuak ezagutuko dituzte, Saharako erakundeetako ordezkariekin bilerak egingo dituzte, eta Dajla eta Bojador inguruko hainbat ekimen bisitatuko dituzte. Era berean, hezkuntza proiektuak eta tokiko lantegiak ezagutzeko aukera izango dute.
Bidaiaren une esanguratsuenetako bat Saharako Parlamentuan egingo den senidetze ekitaldia izango da. Topaketa horrek Euskal Herriko eta Saharako herrien arteko elkartasunaren eta lankidetzaren aldeko konpromisoa indartuko du. Udalen esanetan, Saharako herriak hamarkadetan bizi duen egoera ezagutzea eta bertako errealitatea gertutik ikustea ezinbestekoa da elkartasun-loturak sendotzen jarraitzeko.
