Oinezkoen zubia berritzeko lanak hasiko dituzte

Tolosaldeko Ataria

Espero dute urtea amaitu baino lehen lanak amaitzea. Pasabidearen egurrezko zoladura eta taulen euste-sistema berrituko dute, eta barandak egokituko dituzte. Bitarte honetan zubia itxita egongo da eta ezingo da erabili.

Gaur hasiko dituzte Zizurkilgo Ugare auzoa eta Villabona lotzen dituen oinezko pasabidea berritzeko lanak. Egunotan zubia ezingo da erabili. Lanek sei aste irautea aurreikusi dute. Urtea amaitu baino lehen, abendu erdialderako, oinezkoen zubi txikia berriz ere erabilgarri izatea espero dute.

Pasabidearen egurrezko zoladura eta taulen euste-sistema egoera kaxkarrean daude, eta zubiaren zati batzuetan ez dago eskuekin eusteko baranda egokirik. Beraz, zubia osorik egokituko dute: egurrezko zoladura osoa berritu, euste-sistema ordezkatu, egitura aldatu eta barandak egokituko dituzte.

Sestra Arkitektura eta Ingeniaritza enpresak prestatu du zubi berriaren proiektua, bi udaletako teknikarien elkarlanarekin. Obra egingo duen enpresa, ordea, Construcciones Metalicas Andueza SLU. izango da. Eta 181.238  euroko aurrekontua izango du lanak egiteko. Bi udalek erdibana finantzatuko dute obra.

Zizurkilgo Ugare auzoa Villabonarekin lotzen duen pasabidea ezinbesteko azpiegitura da herritarrentzat, ehunka pertsonek erabiltzen dute egunero bi herriak lotzen dituen oinezkoen zubia. Eta eguneroko joan-etorrien eta erabileraren ondorioz, zubia berritzeko lanak egitea beharrezkoa da.

Berrikuntzarekin, aurrerantzean, lehentasunezkoa den helburua bermatuko dela ziurtatu dute bi udalek: «Zubia segurua izatea eta egoera egokian egotea. Hain justu, berritze lanekin zubia erabiltzaile guztientzat irisgarria, seguruagoa eta erosoagoa izatea bermatuko da. Baita iraunkorragoa ere». 

Zubia itxita dagoen bitartean, oinezkoek zubiaren ordez, herritarrek, Oria ibaia gurutzatzeko, Zubimusu edo Olaederra kiroldegi inguruko zubiak erabili beharko dituzte. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!