A11 Greba Orokorra

Etxebizitza eskubidearen aldeko aldarriak goizetik hartu ditu kaleak Tolosaldean

ELAk, LABek, ESKk, Steilasek, Etxaldek, Hiruk, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitu dute greba orokorra, etxebizitza eskubidea bermatzearen alde eta espekulazioaren kontra.

Etxebizitza eskubidea bermatzearen eta espekulazioaren aurkako aldarriak goizetik hartu ditu Tolosaldeko kaleak gaurko greba orokorraren harira. Mobilizazioak egin dituzte eskualdeko hainbat herritan, herritarrak grebara eta arratsaldeko manifestazioetara batzeko helburuarekin.

Grebalariak goizean goizetik atera dira kalera, piketeak eta herrietatik barrena kalejirak egitera. Tolosan, 08:00etan elkartu dira Triangulo plazan, eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik azaldu dutenez, «Laboral Kutxa banketxea eta Miner higiezin-enpresa seinalatu dituzte etxebizitzaren negozioarekin duten loturagatik».

Ondoren, Arriaran gasolindegirantz abiatu dira, etxebizitzaren negozioaren aurkako oihu artean. Ibilbidean Ertzaintzaren presentzia izan dute grebalariek, eta Arriaran gasolindegira iristean tentsio uneak bizi izan dituzte. «Bi grebalari identifikatu dituzte polizia-indarrek». Goizeko azken ekintza Larramendiko gasolindegiko biribilgunearen inguruan egin dute, bertan eraiki nahi duten hotelaren aurka. Etxebizitza sindikatutik azaldu dutenez, «Peru S.L. eraikuntza-enpresak 67 logelako hotela eraikitzeko asmoa du Arriaran gasolindegiaren parean, eta urbanizazioaren zein azpiegituraren lanak 2028ko udarako amaitzea aurreikusten da. Ekintzaren bidez, Tolosan turistifikazio-prozesua areagotzen ari den bitartean gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunak» salatu dituzte.

Aiztondo eta Alegia

Aiztondon ere goizetik zabaldu dituzte grebaren aldarriak. 08:00etan Zizurkilgo plazan elkartu ondoren, Amasa-Villabonako autobus geltokiaren pareko errepidea moztu dute, «lantegi eta ikastetxeetako jarduna eteteko eta herritarrak mobilizazioetara bultzatzeko».

Ondoren, Zizurkil eta Amasa-Villabona arteko zubia kartelez bete dute, eta bi herrietako komertzioetan esku-orriak banatu dituzte. Eskualde horretan ere etxebizitzaren negozioarekin lotutako eragileak jarri dituzte jo-puntuan, Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik azaldu dutenez: «Aburuza eraikuntza-enpresa eta banketxeak, hain zuzen».

Alegian, berriz, grebaren deialdia zabaltzeko esku-orriak banatu eta propaganda jarri dute kaleetan. Komertzioetara ere jo dute herritarrak mobilizazioetara batzeko deia eginez. 10:00etan, gainera, auto-bilkura egin dute Donostiako manifestaziora elkarrekin joateko.

LAB sindikatuaren irakurketa

Oihana Lopetegik, LABeko ekintza sindikaleko arduradunak, goizeko balantzea egin du 28 Kanala telebistan. Azken urteetako greba indartsuena izaten ari dela nabarmendu du ibartarrak: «Industriaguneetan greba oso nabarmena ari da izaten, enpresa batzuk erabat itxita daude, beste batzuetan produkzioan nabari da, askoz gutxiago produzitzen ari direlako. Zerbitzu publikoetan ere oso zabala ari da izaten, bai ikastetxeetan, bai udaletan, eta osasungintzan, zerbitzu minimoetan daude. Komertzio txikia nagusiki itxita esnatu da, beraz, bai Euskal Herrian zein eskualdean, grebak erantzun zabala izan du. Langileriak, jendeak orokorrean, badaki etxebizitzarekin dagoen arazoa zein den. Politikak aldatu behar dira, eta horretarako greba ezinbestekoa da».

LABeko ordezkariak, irtenbidea nondik etorriko den ere argi dauka: «Hau auzi politiko bat da. Urteetan zehar egin diren politika publikoen ondorioz iritsi gara egoera honetara. Etxebizitza eskubidea bermatu beharrean negozioa jarri da, etxe jabe handien interesak jarri dira erdigunean, eta horren ondorioz, gaur egungo etxebizitzaren krisi honetara iritsi gara. Beraz, politika publikoak egitea posible da. Erakunde desberdinek dituzte ardurak, bai udalek eta nagusiki Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Beste hainbat neurri estatuko gobernuaren ardurak dira. Esaterako, alokairu mugagabeen auzia bozkatuko da hemendik bi egunetara, hori estatuko eskumena da, eta hemendik dei egiten diogu EAJri, aurrekoan kontra bozkatu zuen, kasu honetan langileriaren alde jartzeko eskatzen diogu. Aurrekoan funts putreen eta kapitalaren alde jarri zen bezala, oraingoan langileriaren alde jartzeko eskatzen diogu. Beraz, bai, posible da, politika publikoak dira aldatu behar direnak langileon etxebizitza eskubidea erdigunean jartzeko, eta horrekin, lortu ahal izango genuke benetako eraldaketa bat». 

Arratsaldeko deialdiak

Greba eguneko mobilizazioek arratsaldean jarraituko dute Tolosaldean. Alegian, Anoetan, Ibarran eta Lizartzan 17:30ean egingo dituzte elkarretaratzeak; Amasa-Villabona eta Zizurkil arteko manifestazioa 18:00etan abiatuko da Errebote plazatik; eta Tolosako manifestazio nagusia 18:30ean hasiko da Triangulotik.

  • Alegia: 17:30, plaza.
  • Anoeta: 17:30, plazan.
  • Ibarra: 17:30, plazan.
  • Lizartza: 17:30, plazan.
  • Amasa-Villabona-Zizurkil: 18:00, Errebote plaza.
  • Tolosa: 18:30 Triangulotik.

*Argazkiak: Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta Ataria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!