Egun berezia izango da Mirua taldearentzat abenduaren 26a. Gazte eta Lorios bira amaituko dute, eta emanaldia etxean izango dute gainera, Leidor aretoan. Gonbidatu bereziak egongo dira Miruenea diskoarekin hasitako etapa bereziari amaiera emateko.
Tolosako hitzorduak, gainera, kontzertu sorta baten amaiera baino zerbait gehiago irudikatuko du Miruarentzat; emanaldi honekin, hirukoteak Miruenea argitaratzearekin hasi zen etapari emango dio amaiera, taldearen ibilbidean mugarri izan den lehen diskoari lotutako zikloa itxiz. Lan horrekin, Miruak tradizioaren eta egungo musikaren arteko topagune propioa eraiki zuen, euskal musikaren sustraietatik abiatuta bere nortasun artistikoa definitzen joateko. Diskoko kantuek zuzenekoan egindako bideak ekarri zuen, hain zuzen ere, Miruenea: Gazte eta Lorios. Ohiko kontzertu formatutik harago joateko asmoz sortutako ikuskizunak Miruenea beste dimentsio batera eramatea izan du helburu, musikari gehiago, kolaborazio bereziak eta oholtzara gehituz eta musika zein ikus-entzunezko osagai berriei lekua eginez. Horrela, kantuen inguruan eraikitako unibertsoa zabaldu eta zuzenekoaren alde narratiboa indartu du hirukoteak.
Abenduaren 26ko kontzertua, beraz, amaiera eta ospakizuna izango da aldi berean. Mirua etxera itzuliko da azken hilabeteetako bidea, Miruenearen inguruan sortutako unibertsoa eta Gazte eta Lorios ikuskizunak eman duen guztia elkarrekin ospatzeko. Leidor aretoan amaituko da taldearen lehen diskoarekin irekitako etapa, orain arte egindako bideari begiratu eta Miruaren hurrengoari lekua egiteko.