ATARIAko langileok bat egingo dugu greba deialdiarekin, espekulazioa bukatzeko eskatzeko. Horrela, bihar, azaroak 11, ez dugu ATARIA egunkaririk argitaratuko, eta webgunean greba orokorraren jarraipena besterik ez dugu egingo, horretarako erredakzioak gaur egin du greba –ondorioz, webgunean gutxieneko zerbitzua besterik ez da eskaini–, eta administrazio arloko lankideek, aldiz, bihar bertan egingo dute greba; ondorioz, bihar ezingo diete zerbitzurik eman Atarikideei, iragarleei edo bestelakoei. ATARIA irratiak ere ez du ohiko programazioa izango. Eta greba egunak erredakzioaren egunerokoan duen eragina dela eta, ostiraleko ATARIA astekariak lau orri gutxiago izango ditu.
Etxebizitza euskal langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistetan sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu dela esan dute sindikatuek, eta baita euskal langileriaren kezka nagusia ere. Haien iritziz, etxebizitzak «eskubide bermatua» izan beharko luke, «osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean». Hori lortzeko «oztopo nagusia» da etxebizitzarekin egiten den «espekulazioa», salatu dutenez. Eta hori jarri nahi dute jomugan.
Guztientzat kalitatezko etxebizitza bermatzea «posible» dela adierazi dute, baina horretarako «erroko hiru transformazio» bultzatu behar dira, haien arabera: «Batetik, espekulatzaileen desjabetzea; bestetik, jardun espekulatiboaren debekua. Eta, azkenik, etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea». Horrekin batera, euskal langileriak «berehala» beharko lituzkeen hainbat neurri aipatu dituzte: «Etxegabetze guztiak etetea eta etxebizitzen prezioak jaistea».