A11 Greba Orokorra

Mugimendu feministak bat egin du greba orokorraren

Etxebizitza eskubidearen aldeko grebaren aldarriekin bat egin, eta aldarri propioak gehituko dizkio mugimendu feministak.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 11ko etxebizitza eskubidearen aldeko grebarekin bat egin du, eta mobilizazioetan ikuspegi feminista txertatzeko beharra nabarmendu du. Mugimenduaren esanetan, etxebizitzaren krisiak ez ditu herritarrak berdin kolpatzen: emakume izateak, sexu-genero disidentea izateak, edo migratu eta arrazializatua izateak etxebizitza eskuratzeko oztopo gehiago dakartza.

Mugimendu feministak gogorarazi du azken urteetako grebetan etxebizitzaren auzia aldarrikapen feministetan presente egon dela, besteak beste, atzerritartasun legearen aurkako borrokan, errolda sozialaren aldeko ekimenetan, emakume pentsionisten errenta baxuek eragindako zailtasunetan eta alokairuen esparruan dauden diskriminazio arrazistetan. Lan banaketa sexualak eta kolonialak, baita pobreziaren feminizazioak eta arrazializazioak ere, etxebizitzarako sarbidea eta burujabetza materiala mugatzen dituztela azaldu du.

Azaroaren 11ko greban, aldarri orokorrekin bat egiteaz gain, etxebizitzaren auziak dituen zapalkuntza eta indarkeria egoerak azaleratuko dituzte. Etxea indarkeria jasateko lekua den emakume askorentzat baliabideak eskatu, alokairuen hautaketa-irizpide arrazistak salatu eta etxebizitzaren eta familia zisheterosexualaren arteko lotura mahai gainean jarriko dituzte. Halaber, etxebizitzarako sarbidea emakumeentzat eta sexu-genero disidenteentzat mugatuagoa dela eta etxejabe nagusiak, sarritan, gizon zuri burgesak direla nabarmendu dute.

Greba Hego Euskal Herrian egingo bada ere, Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren aldeko borroka ere bizirik dagoela adierazi dute. Bigarren etxebizitzek, alokairuen garestitzeak eta Airbnb bidezko alokairuek prekarizazioa areagotzen dutela salatu dute. Euskal Herri osoan mobilizatzeko eta aldarri feministak kalera eramateko deia egin dute.

Azaroak 11n denok kalera! lelopean, ekimen propioak antolatzeko, mobilizazioetan beren lekua aldarrikatzeko eta etxebizitzaren auziak dituen zapalkuntza guztiak aitortu eta izendatzeko eskatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!