Bihar, ostirala, Behar Zanako bi bikotek Gipuzkoako eskuz binakako finalak jokatuko dituzte Donostiako Atano III pilotalekuan. Kadeteen Lehen Mailan, Eizagirre eta Labaka Hernaniko Zabala eta Galdosen aurka ariko dira. Jubenilen Lehen Mailan, berriz, Otaegi eta Illarramendi izango dira Behar Zanako ordezkariak, Hernaniko Oses eta Zugasti aurkari dituztela. 19:00etan hasiko da jaialdia, eta zuzenean emango dute Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren YouTubeko kanalean eta 28 Kanala telebista katean. Hala ere, klubak zale guztiak Donostiako Atano III. pilotalekura joatera animatu nahi ditu, pilotariei babesa emateko.
Larunbatean, trinketean
Larunbatean, Unai Zufiriak eta Iker Izagirrek Gipuzkoako Trinketeko Txapelketa Izarkom Sariko finala jokatuko dute Irurako Ametsa trinketan, Nagusien Bigarren Mailan. Behar Zanako bikoteak finalerdietan Lizaso eta Iparragirre kanporatu ostean lortu du finalerako txartela. Abantzu taldeko Alonso eta Odriozola izango dituzte aurkari. Jarraian, Nagusien Lehen Mailako finala jokatuko dute EPLE taldeko Campoy-Sorondo eta Mundarro taldeko Bandiaran-Gurutzealde bikoteek. 16:30ean hasiko da jaialdia, eta final hauek ere zuzenean emango dute Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren YouTubeko kanalean eta 28 Kanala telebista katean.
Bote Luzean, Euskal Herriko txapeldunorde
Joan den larunbatean, Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa jokatu zuten Gipuzkoa 2 eta Bizkaia 1 taldeek Iruñean. Gipuzkoako taldean Behar Zanako Xabi eta Jon Urbietak jokatu zuten, eta bizkaitarrek 1-9 irabazi zieten gipuzkoarrei.