Tolosako kadeteak txapeldun, Euskalgymen

Josu Artutxa Dorronsoro

Tolosa CF Gimnastikako kadeteen taldea, dominak jantzita, podiumean. Argazkia: Andrey Sapizhak.

Joan den asteburuan izan zen gimnastikako nazioarteko txapelketa Barakaldon, eta kadeteetan urrezko domina lortu zuten tolosarrek; Lehen Mailako taldeak, lehiaketan ez ezik, galan ere egin zuen saioa.

Joan den asteburuan, Euskalgym 2026 gala eta lehiaketa izan ziren BECen. Bertako nahiz nazioarteko gimnasta onenak izan ziren Barakaldoko azoka-barrutian, tartean, Tolosa CF Gimnastika klubeko hiru talde eta Ibarrako Belabieta klubeko talde bat.

Tolosarren kasuan, kadete mailako Tolosa CMO Valves taldea txapeldun izan zen, 20.300 puntu batuta. Tenerifeko Batistana taldea izan zen bigarren (19.100 puntu) eta Galiziako Compostela taldea hirugarren (18.950). Jubenil mailako Tolosa CMO Valves taldea, berriz, bosgarren izan zen. Azkenik, Lehen Mailako Tolosa CMO Valves taldea hamargarren izan zen lehiaketan. Azken talde honek galan ere parte hartu zuen; munduko gimnasta onenekin partekatu zuten tapiza tolosarrek.

Belabietari dagokionez, jubenil mailako taldeak parte hartu zuen txapelketan. Emaitza aldetik, aurreko asteburua oso oparoa izan zen ibartarrentzat. Urriaren 24an, Eibarko Ipurua klubak antolatutako San Andres Torneoan parte hartu zuten, eta bigarren postuan sailkatu ziren. Hurrengo egunean, berriz, Leioako Sakoneta taldearen torneoan zortzigarren izan ziren.

Orain, etxeko txapelketa

Barakaldo gimnastika erritmikoaren hiriburu izan berri bada, asteburu honetan Tolosak hartuko dio lekukoa. Izan ere, Tolosa CF Gimnastikak antolatuta, VI. CMO Valves Tolosa Torneoa jokatuko da larunbatean eta Igandean Uzturpe pilotalekuan. Zenbait autonomia erkidegotako taldeek parte hartuko dute, eta aurrerago jokatuko dituzten nazio mailako lehiaketak prestatzeko baliatuko dute; guztira, 700 gimnasta inguru igaroko dira Uzturpetik. Tolosarren kasuan, hiru taldeak ariko dira etxean. Aurreratu dutenez, maila handiko txapelketa izango da. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!