Azken orduetan, hego-mendebaldetik sartuko dira erdi-mailako eta goi-mailako hodeiak, baina ez dute ondoriorik ekarriko. Goizean hego-haizea ibiliko da, eta arratsaldean iparraldeko haizeari emango dio paso. Tenperaturak gora egingo du, eta 16-18 gradu arteko maximoak izango ditugu.
Bihar erdi-mailako eta goi-mailako hodei askorekin hasiko da eguna, eta hego-mendebaldetik sartuko den fronte ahul batek euri pixka bat ekar dezake. Nolanahi ere, oso euri gutxi egingo du. Arratsaldean atertzen hasiko da, eta frontea igaro ondoren, ostarteak zabalduko dira. Hego-haizeak joko du egun osoan, eta azken orduetan indartu egingo da. Tenperaturak behera egingo du, eta gehienez 15-17 gradu izango ditugu.