Erreportajea

Dominez jositako orrialde berri bat, euskal pilotaren historian

Josu Artutxa Dorronsoro

XX. Munduko Euskal Pilota Txapelketan gutxienez domina bana lortu duten eskualdeko pilotariak. J. A. D.

Eskualdeko bederatzi pilotarik eta bi hautatzailek XX. Munduko Euskal Pilota Txapelketan parte hartu dute Argentinan eta Uruguain; horietatik zazpi sailkatu dira hiru onenen artean.

Kirolari ororen ametsa izan ohi da munduko onenen artean egotea. Pilotari guztiek izaten dute espezialista handienen aurka jokatzeko ilusioa, baita amets bat ere: egunen batean munduko txapeldun izatea. Hori egia bilakatzeko, baina, ezinbestekoa da munduko txapelketa bat jokatzea, eta aukera hori ez da urtero izaten.

Berriki jokatu da Argentinan eta Uruguain Munduko Euskal Pilota Txapelketaren hogeigarren edizioa, eta bertan izan dira eskualdeko bederatzi pilotari eta bi hautatzaile. Sei pilotarik eta bi hautatzaileek euskal selekzioarekin parte hartu dute; gainerako hiru pilotariek, berriz, Espainiarekin. Euskal selekzioko bi kidek bina domina jantzi dituzte, eta gainerako sei kideetatik bik jantzi dute domina bana. Espainiarekin jokatu duten hirurek, berriz, domina bana jantzi dute.

Trinketan, hiru domina 

Edorta de Anta tolosarrak pilota egokituan jokatu du, euskal selekzioarekin. Lehen aldiz izan da modalitate hau munduko txapelketan. Bada, estreinako aldian, bi domina jantzi ditu tolosarrak: urrea trinketan eta zilarra frontoian. «Amets handi bat bete dut, eta oraindik sinetsi ezinik nago», aitortu du. Trinketan, gainera, azken unean lortu zuten txapelketarako gonbidapena. «Udan entrenamendu saioak egin genituen, baina gure asmoa frontoian irabaztea zen. Hala ere, ondorioztatu genuen, trinketan taktika bat erabiliz gero, irabazteko hautagaiak izan gintezkeela, eta dena ondo atera zen».

Trinketan urrea lortu duen eskualdeko beste pilotaria Joxi Lopetegi irurarra izan da; kasu honetan, Espainiarekin. Partida guztiak irabazi dituzte, eta multzoen faseko lehen partidan 2022an munduko txapeldun izan zen Frantziari irabazi zioten. «Garaipen hark lasaitasun handia eman zigun». Duela lau urte zilarra lortu zuen Espainiak, eta aurten, arantza kentzea lortu du; 1998an bezala, munduko txapeldun izan da Lopetegi. Hala ere, uste zuen finalean markagailua estuagoa izango zela. «Frantziarren bi atzelariek normalean baino tanto gehiago galdu zituzten, urduritasunak eraginda, eta irabaztea lortu genuen».

Lorpena, guztiena

Buenos Airesko trinket urdinean, eskuz ere jokatu du Espainiak. Selekzio hartako kide izan da Eneko Maiz billabonatarra. Zilarrezko domina jantzi zuen eskuz banakakoan, nahiz eta finalean ez jokatu. «Asimilatuta nuen, lesio batetik osatu berri nengoelako eta uda zaila izan nuelako. Oso pozik nago esperientzia bizitzeagatik. Joate hutsa opari bat izan da, eta nahiz eta finala ez jokatu, lorpena guztiona da», azaldu du.

Finala jokatu ez, baina txapelketan parte hartu eta domina jantzi duen eskualdeko beste pilotari bat Naroa Merino tolosarra da. Zesta puntan jokatu du, binaka, Espainiarekin, eta munduko txapeldun izan da. «Argi nuen ez nuela finala jokatuko; nire taldekideak gaur egun dauden puntista onenak dira. Hala ere, kanpotik asko sufritu nuen, jokatzen baino gehiago». Txapelketa bizitzeko aukera aprobetxatzea zen tolosarraren nahia, eta, etxera bueltan, «asko gozatu» duela aitortu du.

Frontball-eko familia

Lehen aldiz munduko txapelketa batean modu ofizialean parte hartu duen euskal selekzioak arrasto nabarmena utzi du kantxan; emaitzak dira horren erakusle. Hala ere, kantxatik kanpo ere zeresan handia eman du, zenbait partidatan, harmailetan kolore berdea izan baitzen nagusi. Frontball-ean, esaterako, gizonezkoen Espainiaren aurkako finalerdian 50 bat lagun joan ziren selekzioa animatzera.

Julen Alberdi zizurkildarrak jokatu zuen partida hura, eta garaipena lortu zuen. Gero, finalean, Mexikoren aurka galdu eta zilarrezko domina jantzi zuen. «Faboritoak ziren, eta oso zaila izan zen finala irabaztea. Zilarra janztea urrea janztearen pareko izan da». Emakumezkoetan, berriz, Miren Larrarte bidaniarrak parte hartu du euskal selekzioarekin, eta brontzezko domina lortu du. «Espainiak eta Mexikok erakutsitako mailagatik, oso zaila zen finalean sartzea, eta oso pozik nago emaitzarekin».

Emaitzez harago, Argentinan bizitako giroa nabarmendu dute biek. «Kuadrilla itzela sortu dugu, batera ibili gara, eta selekzioaren ahalik eta partida gehien ikustera joan gara», esan du Alberdik. Partida garrantzitsuenetan «familia bat» zirela nabarmendu du Larrartek. «Kantxa barrutik nabaritzen zen, eta eskertzekoa zen», gaineratu du.

Semea, aurkari

Familia aipatuta, ezin ahaztu munduko txapelketan bizitako une hunkigarriena: Lopetegi aita-semeek elkarren aurka jokatu zutenekoa. Joxi Lopetegik betirako gordeko du. «Euskal selekzioarekin jokatzeko eskaera egin nuen, baina ez zidaten utzi. Ondorioz, Xubanekin kantxan batera egoteko aukera bakarra haren aurka jokatzea zen. Berez, hautatzaileak hala erabakita, neurketa hartan atseden hartu behar nuen, baina semeak jokatuko zuela jakitean, tanto batzuk jokatzeko baimena eskatu nien taldekideei eta hautatzaileari».

Dominak lortu dituzten eskualdeko pilotariak:

Edorta de Anta. Euskal selekzioa. Pilota egokitua: urrea trinketan eta zilarra frontoian.

Frantziaren aurka jokatu zituzten bi finalak. Multzoen fasean, haien aurkako bi partidak galdu zituzten. «Bagenekien talde indartsuena zela, Argentinarekin batera; zenbait jokalari ezagutzen genituen. Brasil, berriz, ezezagunena zen, baina maila apalagoko taldea izan da. Oro har, maila polita izan da txapelketan». 2030ean, Bilbon izango da Munduko Txapelketa, eta bertan jokatzea «ederra» litzatekeela esan du. «Lau urte asko dira, baina aukera eduki eta ondo sentituz gero, joango gara».

 

Julen Alberdi. Euskal selekzioa. Frontball-a: zilarra.

Txapelketa hasi aurretik argi zuen Mexiko zela faboritoa, eta multzoen fasean Frantzia menderatzea ez zela erraza izango. Espainia indartsua gainditu zuen finalerdietan, baina finalean ezin izan zion Mexikori irabazi. «Erabat berria izan da modalitatea, baina entrenamenduei esker maila ona eman dugu, eta oso pozik gaude». Gogoa, ilusioa, ametsa... denak ditu oraingoz 2030ean Bilbon egoteko. «Lau urte asko dira, baina polita litzateke. Berez, frontball-a 2036ko Olinpiar Jokoetan txertatu nahi dute. Ikusgarria da, behintzat».

 

Miren Larrarte. Euskal selekzioa. Frontball-a: brontzea.

Multzoen fasean eta finalerdietan gerora txapeldunorde eta txapeldun izan ziren Espainiaren eta Mexikoren aurka galdu ondoren, Venezuelari irabazita lortu zuen brontzezko domina, eta pozik dago. «Oro har, ikaragarri hobetu da maila, batez ere fisikoki. Posible izan zen heinean, lanak eman nizkien denei». 2030ean Bilbon egoteko erronka begiz jota badu ere, baliteke 2028an frontball-eko munduko txapelketa berri bat egitea. «Modalitate berriena denez, ikusgarritasuna eman nahi diote, bi urtez behin txapelketa bat antolatuta».

 

Joxi Lopetegi. Espainia. Xarea: urrea.

Partidak setetara erabakitzen zirenez, txapelketan «sorpresak» egon zitezkeela esan badu ere, aurreikusi zitezkeen emaitzak izan dira xarean. Espainiak neurketa guztiak irabazi ditu, eta gehienak, nahiko erraz, baita Frantziaren aurkako finala ere. «Argi genuen aurkari zailena zela». 2030eko munduko txapelketara begira, ez du uste bertan izango denik, «berandu» izango delako. «2027an, Nazioen Liga jokatuz gero, eta euskal selekzioa bertan izanez gero, ni prest nengoke haiekin, eta, ondorioz, semearekin jokatzeko».

 

Naroa Merino. Espainia. Zesta puntan binaka, 54 metroko frontoian: urrea.

Zesta puntan, 54 metroko frontoian, ez da sorpresarik izan, eta faboritoak sailkatu ziren finalera. «Maila oso altua izan da, eta euskal selekzioak gauzak zail jarri zizkigun finalean». Multzoen fasean Frantziaren aurkako partida jokatu eta irabazi zuen, eta «oso pozik eta harro» dago egindako lanarekin. «Lehiakorra izatea zen nire helburua». Lehen aldiz parte hartu du munduko txapelketan, eta esan du «plazer handiz» jokatuko lukeela 2030ean, Bilbon, Espainiarekin edo euskal selekzioarekin.

 

Eneko Maiz. Espainia. Trinketan, eskuz banaka: zilarra.

Multzoen faseko hiru partidetatik bi jokatu zituen: Frantziaren aurka galdu egin zuen eta Brasilen aurka irabazi. «Gogoa nuen Frantziaren aurka jokatzeko, urte osoan zehar haien aurka aritzen garelako. Partida ona egin nuen, nahiz eta hirugarren setean galdu. Brasilen aurka ere partida ona eginda, oso gustura nago egindako lanarekin». 2030ean espero du Bilbon egotea. «Ikusiko da euskal selekzioa 2027ko Nazioen Ligan munduko txapelketara sailkatzeko prozesuan sartzen den».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!