'Zaintzan Bidelagun' programan izena emateko aukera zabaldu dute

Etxeko eta zaintzako langile migratzaileei zein haien familiei zuzendutako ekimenak komunikazioa, gatazken kudeaketa eta zaintza-lanetan jarduteko tresnak landuko ditu zazpi saio presentzialen bidez.

Gipuzkoan Zaintzan Bidelagun programa jarri dute martxan, etxeko eta zaintzako langile migratzaileen eta familien arteko komunikazioa hobetzeko eta zaintza-lanetan jarduteko gaitasunak indartzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako Etorkizuna Eraikiz programaren barruan kokatzen da, eta Estatu Batuetan (AEB) sortutako ekimena Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) elkarlanean egokitu dute.

Programaren helburua da etxeko zaintzako langile migratzaileek eta haiek kontratatzen dituzten familiek izan ditzaketen harreman-arazoak eta gatazkak lantzea. Programako sustatzaileek azaldu dutenez, «adineko pertsona bat etxean zaintzeko langile migratzaile bat kontratatzean, hainbat erronka pribatu eta profesional sortzen dira». Horien artean daude familien, adineko pertsonen eta langileen arteko harremanak, baita pertsonen arteko gatazkak ere.

Horri aurre egiteko, programak komunikazio-trebetasunak eta gatazkak kudeatzeko baliabideak eskaintzea du xede, zaintza-lanetan giro egokia eta lankidetza sustatzeko.

Zazpi saio presentzial

Prestakuntza zazpi saio presentzialek osatuko dute, astean behin egingo direnak, eta bakoitzak ordu eta erdiko iraupena izango du. Lehenengo sei saioak paraleloan egingo dira: alde batetik, familientzako talde bat osatuko da, eta, bestetik, etxeko eta zaintzako langile migratzaileentzako beste bat. Zazpigarren eta azken saioan, bi taldeek elkarrekin parte hartuko dute.

Parte-hartzaileek komunikazio-trebetasun eraginkorrak landuko dituzte, besteak beste, errua, kritika eta gatazka maneiatzen ikasiz. Horrez gain, desberdintasun kultural eta etnikoekin lotutako alderdiak ere jorratuko dituzte. Azken saioan, berriz, modu egokian komunikatzen ikasiko dute, eta zaintzan inplikatutako beste pertsona batzuekin enpatia izateko gaitasuna landuko dute.

Programan parte hartzea borondatezkoa, anonimoa eta konfidentziala izango da. Interesa dutenek edozein unetan eman ahal izango dute izena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!