Donostiako Nazioarteko Krosaren 70. edizioa jokatu da Lasarteko hipodromoan. Tolosa CFko atleta ugari izan dira bertan, eta zenbaitek emaitza nabarmena lortu dute. Batetik, Idoia Arrospide txapeldun izan da 20 urtez azpiko nesken kategorian (3,6 kilometro), 13.46ko denbora eginda; 14 segundoko aldea atera dio Irune Mateo bigarrenari. Bestetik, Beñat Iraolak 16 urtez azpiko mutilen proba (2,6 kilometro) irabazi du, esprintean German Lazarori gailenduta; 8.05eko denbora egin dute biek.
Beste lehen postu bat ere izan da Tolosa CFrentzat. 18 urtez azpiko nesken kategorian (3,6 kilometro), talde onena izan da, Real Sociedad eta Ostadar SKT taldeen aurretik. Tolosa CFko Maialen Zabalak, Aitana Aierbek eta Maria Aramendik parte hartu dute proban, eta hurrenez hurren seigarren (15.06), zazpigarren (15.07) eta bederatzigarren (15.12) izan dira. Ez da taldeka lortutako emaitza on bakarra izan. 16 urtez azpiko nesketan (2,6 kilometro), tolosarrak bigarren izan dira. Hurrenez hurren laugarren, 13. eta 17. izan diren Irina Mendizabalek (9.32), Ana Zubizarretak (10.15) eta Malen Garciak (10.30) osatu dute taldea.
Ekhi Civico tolosarra ere podiumera igo da, 20 urtez azpiko mutilen kategorian (3,6 kilometro). Hirugarren izan da, 11.11ko denbora eginda. Aimar Domeñok irabazi du (10.58) eta Pedro Liaño izan da bigarren (11.09). Absolutu mailan (6,9 kilometro) bi tolosarrek parte hartu dute. Gizonezkoetan, Manex Civico hamaikagarren izan da (21.43); emakumezkoetan, berriz, June Sudupe hamabosgarren (26.46) sailkatu da.
Espainiako Txapelketa
Urriaren 18an, Zornotzako Nazioarteko Krosaren 72. edizioa jokatu zen, denboraldiko lehen lasterketa. Tolosa CFko hiru talde lehiatu ziren bertan. 16 urtez azpiko neskak bigarren izan ziren, 18 urtez azpiko neskak hirugarren, eta 18 urtez azpiko mutilak ere hirugarren izan ziren. Hiru taldeek azaroaren 21ean Atapuercan (Burgos) jokatuko den Txapelketa Nazionalerako txartela lortu dute.
Eider Zubeldia, garaile
Eider Zubeldia amezketarrak Balmasedako Kolitza Balmatrail mendi lasterketako 26 kilometroko (1.500 m+) proba irabazi du, 2.31.17ko denbora eginda. Elia Vidal kataluniarra izan da bigarren 2.34.17, eta Maria Mercedes Salas andaluziarra hirugarren (2.35.42).
Euskal Herriko Kopako azken hitzordua izan da Balmasedakoa. Seniorren mailan, emakumezkoetan, Zubeldia erregularrena izan da, eta garaipena lortu du.