ELKARRIZKETA

«Betidanik jakin izan dut handitan zer izan nahi nuen»

Aitor Arroyo Askarai

Julen Telleria Lopetegi 'Gaupasa'-ko platoan. A.A.A.

Ibilbidean zehar hainbat programa gidatu ditu Julen Telleriak irratian zein telebistan; gaur egun Gaztea irratiko Dida eta ETB1eko Gaupasa saioak aurkezten ditu.

Goizero aritzen da irratian, eta astean hirutan telebistatik agurtzen du eguna. Agenda estua du Julen Telleria Lopetegi (Irura, 1990) irrati zein telebista aurkezle tolosarrak, eta ez da erraza harekin hitzordua lotzea. Hitzan aritu zen tarte labur batez, eta kolaboratzaile ere izan da ATARIAn. Euskadi Irratiko Faktorian aireratu zituen lehen esaldiak, eta gerora hainbat programa aurkeztu ditu EITBn. Tartea atera eta Gaupasa saioa grabatzen duten platoan aritu da ogibideaz, ibilbideaz eta bere buruaz, goi eta behe; oraingoan, elkarrizketatuaren lekutik.

Nolakoa da Julen Telleriaren egunerokoa?

Astelehenetik ostiralera pasatzen ditut ordu dezente Miramonen. Goizak irratian pasatzen ditut —Gazteako Dida saioan—, eta, gero, astearte zein ostegun arratsaldeak ere hemen pasatzen ditut, telebistarako Gaupasa grabatzen. Astearte, asteazken eta ostegun gauetan emititzen da, eta —ez ditut tranpa guztiak kontatuko, baina— saioa pixka bat grabatuta egoten da. Eta, bestela, egunerokoan denbora hartzen dute —ez nik nahi bezainbeste— gertukoek, familiak, haurrek... Tarteka kirol pixka bat ere egiten dut gorputzari eta, batez ere, buruari freskatu on bat emateko. Lan dezenterekin nabil orain, eta pozik horrekin.

Zer moduz sentitzen zara lan horietan?

Goizetan lau laguneko programa bat egiten dugu, eta ni naiz aurkezlea edo; eta horretan oso-oso eroso. Telebistan ere ni naiz orain aurkezlea, baina hainbesteko taldea izanda oso lasai eta babestuta sentitzen naiz. Paraxut efektu moduko bat da: badakit salto egin dezakedala, eta hor egongo direla ni eusteko. Bi formatuetan bereziki lasai eta eroso nabil, eta horrekin gozatzen ari naiz. Aurretik ez dakit zer geratzen zaidan, baina orain arteko ibilbidearekin oso eskertuta nago.

Non aritzen zara erosoen: irratian edo telebistan?

Beti esaten dut irratian erabateko autonomia dugula: nahi dugun edukia egiten dugu, nahi bezala, nahi dugun erritmoan... Horrek, jakina, lana dakar; baina guk nahi bezala egiten dugu lan hori. Zentzu horretan, oso eskuzabala da irratiko lana niretzat.

Telebistan, aldiz, dena egina dago, eta bakarrik falta da aurpegia jartzea eta aurkezle lan hori egitea. Aurretik ez dut ezer egin behar: iritsi, gidoiak-eta irakurri, gonbidatuak zein diren jakin... Aldartearekin nabil azkenaldian tematuta: grabatzen hasi aurretik neure buruari ondo pasatzearen garrantzia gogorarazten diot, edo saiatzen naiz. Bestela, errutinak harrapatzen zaitu, eta aurrera inertzia hutsez egiten duzu.

Zer da lanbideaz gehien atsegin duzuna?

Asko gozatzen dut adrenalinarekin. Txute handi bat da goizeko zazpietan argi gorria pizten denean sentitzen dudan hori. Metafisiko jarriko naiz, baina oso bizirik sentiarazten nau; oraindik ere, eta eskerrak! Sentsazio horrekin asko gozatzen dut. Gero programan zehar irratian edo telebistan erlaxatzen joaten naiz, eta neure buruari gogorarazi behar izaten diot: «Kontuz». Baina erlaxazio hori badator lasaitasun batetik ere: «Erlaxatu naiteke».

Une honetan bereziki gozatzen ari naiz formatu batean zein bestean eroso aritze horrekin. Sentitzen dut irratian zein telebistan hau dela nire lekua; lan hau egiteko etorri naizela ni mundura [irribarrez].

Eta gutxien?

Hemen sartu behar ditudan ordu pila denak. Bizitzari eskatuko nioke denbora, mesedez. Eta izan ditut bolada okerragoak horrekin. Gehiago sufritzen nuen, adibidez, lo gutxi egitearekin. Gero, egia da, aitatasunak eman didala beste perspektiba bat: lo ia batere egin gabe ere pertsonak funtziona dezake! Hori ikasi dut [barrez]. Oso goiz esnatu behar izaten dut, eta batzuetan oso berandu bukatu... Hori da txarrena, baina ez dit eragozten beste guztiaz gozatzea.

Zein dira komunikatzaile on baten ezaugarriak?

Nire ustez saiatu behar duzu jendearengana iristen. Jakina, erraza da esatea. Eta horretarako zer? Horretarako nire ustez gakoa da zuk zuretik dena jartzea: kontatzea zure gauzak, kezkak, interesak... Uste dut garrantzitsua dela, zentzu horretan, pixka bat biluztea. Horrela, jendeak ezagutu egiten zaitu eta zurekin gehiago konekta dezake. Badira aurkezle oso zurrunak, opakuak; zer pentsatzen ari diren ez dakizunak. Iruditzen zait zailagoa dela horiekin konektatzea. Nolakoa zaren erakusten baduzu, publikoari gustatuko zaio edo ez; baina iruditzen zait hori dela konektatzeko biderik zuzenena.

Sekretu oso gutxi daukat nik ja [barrez]. Ez dut dena ere kontatuko, noski. Baina agertzen naiz naizen bezala; ez hainbeste rol bat interpretatzen edo. Iruditzen zait horrela lor dezakedala ikus-entzulearekin —edo irratian entzulearekin— konektatzea. Nire iritziz entretenimenduan hori da jo beharreko tekla, eta horretan ahalegintzen naiz.

Euskal Irrati Telebistan estreinakoz egin diren hainbat formatutan aritu zara. Edukirik sumatzen duzu faltan?

Egin litezke bestelako eduki eta formatu asko ere; egin behar dira. Telebistako lankide batek erakutsi zidan euskarak ere dena behar duela. Kalitatezko... Kalitatearena beste eztabaida bat da. Baina eduki mota denak —baita zabor deitu zaion telebista mota hori ere— euskaraz eskaini behar dira. Euskarak ukitu ditzala esparru guztiak; bestela, jendeak beste hizkuntza batzuetara jo beharko baitu formatu edo eduki horiek kontsumitzera. Euskararen txapelak tapa ditzala buru guztiak, telebistako formatuei dagokienez. Ni horren alde.

Adibide zehatzik bururatzen zaizu?

Aspaldiko gerra bat da fikzioarena: pelikulak, telesailak... Askotarikoak: drama, komedia, sakonagoak, irensteko errazagoak direnak... Azken boladan hori irauli da pixka bat; basamortu batetik gatoz. Eta esango nuke dagoeneko beste plataforma batzuk ere sortu direnez, ari garela horiek ere elikatzen. Eta entretenimenduzko beste saio batzuk ere hasi dira. Gaupasan adibidez late night bat egiten dugu; oso formatu estandarra, aspaldikoa, ez dugu ezer asmatu. Eta behar du euskal telebistak horrelako formatu bat ere. Eta sortzeko dauden formatuak ere deskubritu behar dira; ez dugu izan behar arriskatzeko beldurrik.

Lehen pausoak Euskadi Irratian izan ziren, ezta?

Euskadi Irratiko Faktorian hasi nintzen bekadun. Gero, Dani Arizalak gauetan arte handiz egiten zuen Ilargipean saioan; saio mistiko bat zen —fantasia bat— eta gaurkotasuna ere lantzen zuen. Hor ere aritu nintzen bekadun, eta gero udako goizetako Udan blai izena zuen programan ere aritu nintzen bekadun Itziar Arangurenekin. Sei hilabete izan ziren, oso-oso biziak. Oraindik ere joaten zait burua garai haietara; gaur egun dakidanetik asko ikasi nuen orduan.

Jendaurrekorako erraztasuna txikitatik omen datorkizu.

[Barrez, erantzun aurretik] Aste honetan Karlos Aranzegi bateria jotzaileak esaten zidan: «Meritua duzu horrela hitz egiteko...». Bueno, nik balio dut 'horretarako'; eta ez nuke ia beste ezertan asmatuko. Txikitatik gustatu izan zait. Kamera bat ikusi dudan aldiro: «Hepa, beti tente». Ez dakit zergatik. Etxean ez digute esan «ea jarri kamera aurrean»; inola ere.

Aitak adibidez aurkeztu izan ditu gauza asko, telebistan gidoilari ere aritu da, eta beti eduki dut hori presente. Baina anaiari eta bioi esango nuke senez atera zaigula. Ez dakit ona edo txarra den, baina gustatu izan zait publikoan hitz egitea eta... Nabarmentzearekin ere badu zerikusia, eta «kontuz» diozu; protagonismo nahi hori edo. Neure buruari oraindik ere esaten diot: «Kontuz horrekin». Baina txikitatik sortu zaidan zerbait da, ez dut ezer behartu. Nik betidanik jakin izan dut handitan zer izan nahi nuen [irribarrez].

Gaitasunak zenbat du berezkotik, eta zenbat ikasitakotik?

Agian asko da berezkotik. Gero, irratirako zein telebistarako ikasi behar dituzu gauza asko: kodeak, lengoaiak... Nik ikus-entzulearen trintxeratik ere asko erreparatzen diot: «Hau gustatzen ari zait. Zergatik? Honekin barre asko egiten dut. Zergatik?». Ikasi eta saiatzen naiz lanera-eta kode horiek ekartzen. Tokatu zait beste aurkezle batzuen inguruan entzutea «horrek ez du ikasi eta begira non dagoen»; eta agian ez du karrera bat ikasi, baina zeinek esan ez duenik balio aurkezle izateko. Ogibide honek hori ere badu. Txikitatik izan dut hitz egiteko erraztasun hori, eta gaur egun lanean, nabarmen, asko balio dit.

Zeure buruarengan bilakaerarik nabaritzen duzu?

Lasaitasunean sumatzen dut. Orain ikusiko banitu —eta hori egitea kostatzen zait pixka bat— hasierako Gu ta gutarrak programako atalak-eta... Asko sufritzen dut ikusten dudalako nire sufrimendua: zeinen urduri, nerbioso, lekuan kokatu gabe... Kontrara, gaur egun ikusten dut neure burua, eta «bale, lasai». Ikasi dut horretan: lasai aritzen.

Eta adierazkortasunean?

Urduri jartzen naizenean —eta asko datorkit irratitik— ez dut aguantatzen isiltasuna. Ez dakit isilik egoten, eta hitz egiten dut zer esanik izan gabe. Hor ateratzen zait niri: inkontinentzia [barrez]. Telebistan, adibidez, lehen ezin nuen geldirik egon: pausoa aurrera, pausoa atzera... Bost kilometro egin nitzakeen lekutik mugitu gabe Gu ta gutarrak programako atal batean. Eta orain Gaupasako hasierako zatian, taxiarenean, hasi naiz erreparatzen bolanteari heltzen dion eskuan: ez dago geldirik esku hori.

Nire ustez ogibide honetan ikusi eta entzun behar da zer egiten duzun; eta ez da voyeurismoa edo «maite dut neure burua ikustea». Gure lanean beste tresna bat da: ikusi nola egiten duzun, gero hori nola hobetu jakiteko eta ikasten jarraitzeko. Oso baliagarria da.

Komunikazioaren arloan pisu handia hartu dute sare sozialek.

Gaupasaren ideia proposatu zidatenean, nire aurreneko kezketako bat izan zen: late night bat egin behar dugu telebistan, ondo; baina ez dadila hor bakarrik geratu. Egon gaitezen sareetan ere, bestela jende batentzat ez baikara existituko. Nik ere bestelako eduki batzuk kontsumitzen ditut, eta agian ez naiz telebista aurrean esertzen horiek ikustera. Mugikorrean ditut, eta edozein unetan ikus ditzaket.

Gaur egun beharrezkoa, ezinbestekoa, iruditzen zait platoan sortzen duguna telebista jarraituan ematez gain —eta, gero, ETB On eta plataformak, eta geratu dadila betirako—, baina, mugikorretan ere egon behar dugu.

Egunerokoan aldaketarik eragin dizu?

Handirik ez, baina aldaketa batzuk badaude. Egon naiteke gidoia errepasatzen eta bat-batean lankide bat gerturatzen da sareetarako eduki bat ari delako sortzen. Eta horren oso alde: sareei ere bota behar zaie ikatza.

Ibilbideko momenturen bat sentitzen duzu inflexio puntu gisa?

Irratian baditut inoiz ahaztuko ez ditudan elkarrizketa batzuk. Guri leporatzen zaigu —eta ez dut gaizki hartzen— irratian aritzen garela tontakeriak esaten, eta bale, egia da; eta gure helburu behinenetako bat da jendeari barre eragitea. Baina tontakeriez gain, bestelako gauza batzuk ere egiten ditugu, eta, adibidez, ondo grabatuta daukat Ekai gazte ondarrutarrak bere buruaz beste egin eta hurrengo egunetan bere aitari egin genion elkarrizketa. Uf. Eta nola eman zizkidan gero eskerrak, ahotsa emateagatik. Edo Valtonyc elkarrizketatu genuenekoa Belgikara errefuxiatu joan zenean. Halako gauza puntual batzuk badauzkat markatuta.

Une bereziki gogorrik baduzu gogoan?

Momentu konkretuak baino gehiago, telebistan hasi nintzen unea izan zen... Olatu erraldoi batek bezala harrapatu ninduen. Gu ta gutarrak egiten hasi eta beste saio bat egiteko deitu zidaten, gero beste baterako, Gabonetako berezia ere egiteko... Dena egiteko deitzen zidaten. Agian goizegi ere harrapatu ninduen. Arriskutsua iruditzen zait, zaila delako oreka bilatzea; eta bilatu behar da. Orain dena zara zu, eta bihar igual ez dizu inork deitzen ezertarako. Eta horretatik ere probatu dut.

Gogoan dut une batean hiru tokitan egon behar nuela telebistan, irratian ere banenbilen... Gainera, etxearen funtzionamendua ere ez nuen oso ondo ezagutzen... Denak ari ziren ni erreklamatzen, eta ezin nuen iritsi; eta, azkenean, lehertu egin nintzen. Gerora ikasi dut jendeak ere ez zuela oso ondo jokatu nirekin; nire ardura delako, baina puntu bateraino. Orain ja ez litzaidake berdina pasatuko: ez nintzateke lehertuko zentzu horretan. Badakidalako noraino irits naitekeen, noraino den nire lana, nire obligazioa eta non bukatzen den hori ere.

Izan duzu erreferentziarik?

Ez bereziki. Gero, nahi gabe ere, kontsumitzen duzun edukiaren arabera jotzen duzu pixka bat imitaziora-eta. Orain saiatzen naiz irratiko programaren zein telebistako saioaren antza izan lezakeen oro saihesten, ez nadin imitazioan erori. Saiatzen naiz zentzu horretan erreferenteak edo saihesten; ez behar ez ditudalako, baizik eta erori naitekeelako imitaziorako joeran. Hori ez zait gustatzen; nahiago dut nigandik ateratzen den zerbait naturala izatea.

Ibilbidearen bereizgarrietako bat da anaiarekin aritu zarela askotan. Abantaila edo desabantaila izan da?

Anttonena niretzat gai handi bat da. Pasatu da izatetik pixka bat atzetik zetorren anaia, bat-batean nirekin parez pare eserita irratian eta telebistan aritzen den profesionala izatera. Eta bat-batean, ezkerretik eta ni enteratu gabe, aurreratu ere egin nau; eta nik behin ere jorratu gabeko esparru batzuk ere jorratzen hasi da. Zentzu horretan ez dakit erreferentzia, baina Antton izan da eredu bat jabetzeko bakoitzak egin edo lor dezakeela nahi duena. Ni joan naiz itsu-itsuan aurretik markatu didaten bide bat jarraituz, eta Anttonek zentzu horretan esan du: «Bidea utziko dut, jaitsiko naiz tren honetatik, eta sortuko dut tren berri bat». Horretan Antton asko miresten dut.

Eta izan ditut berarekin gorabeherak. Aipatu bezala, bat-batean distira asko egin du, merezimendu osoz, eta niri tokatu zait pixka bat itzalean egotea eta hori kudeatzea. Baina uste dut ari naizela ikasten kudeatzen, eta orain begiratzen diot Anttoni maitasunez eta miresmenez. Baketik, ez inbidiatik; eta izan diot. Eta, Antton, begiratzeko moduko pertsona bat da.

Nolakoa da anaiarekin lan egitea?

Edozein saio egiteko garaian beharrezkoa da lankideekin kimika edo lotura bat izatea. Antton eta biok lan hori guztia aurreztu egin dugu, etxetik jaso dugulako. Anttonekin lana izan da oso erraza; eta pila bat gozatu dugu. Gero, onak eta txarrak. Denbora guztian dakigu bestea zer ari den pentsatzen: ona bada, ondo; eta ez bada, ez hain ondo. Baina bi anaien arteko harremanaz, zer esango dut ba. Hori lanera ekarri ahal izan dugu eta niretzat izan da pribilegio bat.

Batek baino gehiagok pentsatuko du bidea zabaldu zeniola.

Beti broma artean eta, batzuetan, serio ere esan izan dugu [barrez]. Gaztean nenbilela Anttonek bertan bekadun aritzeko proba egin zuen. Gogoan dut garai hartako arduradunak, Jon Lamarkak nola esaten zuen: «Bi anai, hau fantasia bat da. Egin egin behar da». Bidea zabaldu ez, baina erraztu agian bai, bertan nengoelako eta biok egiteko aukera izan genuelako. Badira biki estatubatuar batzuk, etxeak konpontzen-eta aritzen direnak; horiekin alderatu izan gaituzte [barrez]. Telebistan ikustea bi anai, edo irratian entzutea elkarrekin... Deigarria, bada. Biok egin dugun bidea oso polita izan da.

Oso agerikoa da zuen lana. Nola bizi duzu hori?

Agerikotasun hori neurrian hartu behar da. Ateratzen gara Euskal Irrati Telebistan: ETB1en eta Gaztean. Lasai, ez gara Hollywoodeko izarrak. Gero, oro har jasotzen ditugun mezuak-eta beti dira onak; maitasun asko jasotzen dugu. Zentzu horretan, pozik. Eta gero —hori ere ikasi dut— honekin ibili behar da kontuz: bihur liteke adikzio, badu drogatik ere zerbait. Horretara lotzen bazara, ez dagoenean falta handia sumatzen duzu; aldebiko ezpata bat da. Orain, adibidez, momentu gozoan nago, eta irratian entzun edo telebistan ikusi gaituztela askok aipatzen didate. Berotasuna jasotzen ari naiz, baina ez dagoenean ere ez dezadan ahaztu zein den nire balioa. Ez nadin elikatu bakarrik kanpotik jotzen dizkidaten txaloekin. Autoestimuari begira, nik ere jo behar diot txalo neure buruari. Agerikotasunak erakutsi dit hori ere kudeatu behar dela; eta orain nahiko ondo daramat.

Metaforikoki biluztea aipatu duzu lehen. Eragiten al dizu horrek?

Bueno, ohartzen zara jendeak gauza asko dakizkiela zutaz. Ez dit horrek sekula buruhausterik suposatu. Horrekin lasai bizi naiz. Kontatzen ditut nire gauzak; batzuei gustatuko zaizkie, beste batzuei ez. Baina horrek ez du eragozpenik sortu nire bizitzan.

Aurkezteak badu interpretatzetik. Badago alderik aurkezlearen eta Julen Telleriaren artean?

Ez dago nahita egindako zerbait, behintzat. Ez dut maskara bat janzten eta antzezten. Gero, jakina, hor dago formatuaren araberako lengoaia: irratian, adibidez, oso goiz hasten gara eta oso goian aritzen naiz, tonu aldetik-eta. Ni, berez, goizeko zazpietan ez nago horrela. Hori bada behartutako zerbait, baina lengoaiari lotutakoa da. Gainerakoan ez; ez dut rol bat jokatzen.

Guraso ere bazara. Nola uztartzen dituzu bizitza profesionala eta pertsonala?

Uztartu ditzaket nik, nire kasuan, familiari esker; gertu daukadalako familia eta gainera oso laguntzeko prest. Ez nintzateke hainbeste lan hartzera ausartuko, hori hor izango ez banu. Horretara animatu banaiz nire gurasoak, eta aitaginarreba zein amaginarreba gertu eta prest daudelako izan da. Hortik aurrera, puzzlea osatuta daukagu: egutegiak, ordutegiak, eta dena pixka bat antolatuta.

Eta gero kezkatik, ez dut aita urrun bat izan nahi. Ez naiz, baina pasatu nahiko nuke nire semeekin denbora gehiago. Ez nadin izan etxera soldata eramaten duen aita hori bakarrik. Batez ere gehiago iritsi nahi horrekin dut kezka. Aldi berean, ikusten dut semeek presente naukatela, eta horrek lasaitzen nau.

Zenbait uneri uko egitea ekarriko du agenda estuak.

Bai, bai. Egunak ematen du ematen duenerako. Gustatuko litzaidake betiko lagunei denbora gehiago eskaini ahal izatea. Orain nire lagunak dira nire semeen lagunen gurasoak-eta. Hor beste zirkulu batzuk zabaltzen dira bat-batean, eta ondo. Baina nire beti-betiko lagunak ere zaindu egin behar ditut. Tarteka esaten diet «hemen nago», eta horri ere eskaini nahiko nioke denbora gehiago.

EITBri lotuta garatu duzu ibilbide profesionala. Zerbaitetan eragin duela esango zenuke?

Seguruenik ez banintz hemen honetan ariko... Ez dakit zenbateraino izango nintzatekeen bestelako pertsona bat. Pixka bat txikitatik datorkidan tara bat da hau. Beharbada bai, egongo da zerbait. Baina sozializatzeko eta jendartean aritzeko behar hori lehendik ere banekarren, beraz, ez dakit zenbateraino eragin duen.

Hainbat programatako aurkezle, guraso, kirolari, perkusio jotzaile, musika talde bateko abeslari ere izan zinen... Geratzen al zaizu egitekorik?

Lanari-eta dagokionez, beti begiratzen dugu gora. Zenbat eta gorago egin, orduan eta hobeto. Denok egin nahi dugu gora. Sentitzen dut altueraren sabaia jo dudala, ez dut gorago egin nahi. Irratian egiten ari naizena da nik egin nahiko nukeena, telebistan ere momentu honetan ari naiz amets bat betetzen: late night bat aurkeztea da niretzat ezin gorago egin ahal izatea. Pertika jauzian nire saltorik altuena eman dut, baina horrek ez du esan nahi oraindik anbiziorik ez daukadanik.

«Pertika jauzian nire saltorik altuena eman dut [...] Orain gustatuko litzaidake aritzea luzera jauzian»

Orain gustatuko litzaidake aritzea luzera jauzian. Alegia, ea denboran hau ahalik eta gehien luzatzerik badaukadan; hori ere ez baitago nire esku. Honaino iritsi naiz, hau egiten ari naiz, eta ea ez naizen azkarregi erretzen; ea ez den publikoa ere nirekin nazkatzen. Ea ibilbide luze bat izateko aukera daukadan. Orain horrekin ari naiz amesten. Hori da nire erronka.

Nor da Julen Telleria?

[Une batez isilik, pentsakor] Julen Telleria zein den? Pertsona bat asko gustatzen zaiona hitz egitea; eta, zorionez, hizketatik atera duena ogibidea ere. Maite dut lo egitea asteburuetan ahalik eta gehien. Familiarekin egotea. Bazkalosteak maite ditut pila bat. Lagunartean trago eder bat hartzea... Horiek dira nire bizitzako maximak. Asmo handirik gabeko pertsona bat esango nuke, bere lana ondo egiten saiatzen dena —batzuk gehiegi saiatzen dena ere esango dute—. Oso gauza normal bat, ez dakit. Jendea maite eta behar duen pertsona bat.

Motzean

Irratia edo telebista? Aukeratu egin behar da?

Berriro aurkeztuko ez zenukeen programa bat? Guztiez nago harro.

Ezagutu nahiko zenukeen pertsona bat? Eva Soriano.

Erlaxatzeko leku bat? Korri egiteko zinta.

Zaletasun bat? Txarangan jotzea.

Zaletasun ezkutu bat? Ez, hau ez dut erantzungo.

Zutaz espero ez daitekeen ezaugarri bat? Isilik geratzea.

Komunikatzaile izango ez bazina? Astronauta [barrez]. Ez dakit, ez dago komunikatzaile ez den beste aukerarik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!