Elkarrizketa

«Inoiz baino indartsuago dago sozialismoaren hautua»

Aitor Arroyo Askarai

Mirari Sukia eta Mattin Lasa, GKSko eta IASko militanteak. A. ARROYO

Eskualdetik ehunka kidek hartu dute parte GKSk eta IASk antolatutako Gazte Topagune Sozialistan; esperientziaren berri eman dute bi antolakundeetako kideek.

Gazte Topagune Sozialista urriaren 9tik 12ra Elizondon egin zuten Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS). Ekimenaren nondik norakoak eta aurrera begirako asmoak azaldu dituzte Mirari Sukia (Tolosa, 2004) eta Mattin Lasa (Ibarra, 2009), hurrenez hurren, Tolosaldeko GKSko eta IASeko kideek. 

Nola baloratzen duzue Gazte Topagune Sozialista?

Mirari Sukia: Oso pozik gaude lortutakoarekin. Urriaren hasieran 4.000 militante eta gazte iraultzailetik gora elkartu ginen Elizondon, azken edizioan baino mila pertsona gehiago. Horrek erakutsi digu inoiz baino indartsuago dagoela sozialismoaren hautua.

Mattin Lasa: Helburuetako bat zen borroka komunitate sendo bat eraikitzen jarraitzea, besteak beste, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka borrokatzeko. Eta sekulakoa izan da.

Zehazki zertan aritu zarete bertan?

Sukia: Pil-pilean dauden gaien inguruan hausnartu, eta ditugun erronkei buruz ere hitz egin genuen. Horietako batzuk dira etxebizitzaren auzia, faxismoaren aurkako borroka, nazio auzia, ikuspegi internazionalista…

Lasa: Datarekin lotura zuzena izanda, euskal gazte langileontzat urriaren 12a inposatutako jai egun arrotza dela ere salatu genuen; eta, zentzu horretan, autodeterminazio eskubidea aldarrikatu dugu euskal langileriarentzat. Neurri berean berretsi dugu, baita ere, euskal estatu sozialistaren aldeko hautua.

Sukia: Eta dena ere ez da izan hausnarketa edo eztabaida. Horiez gain kirol ekitaldiak, kontzertuak, umore ikuskizunak eta halakoak ere izan ditugu. Horietan nabarmendu behar da lehentasuna eman diogula espazio seguruak bermatzeari, eta baldintzak ezarri ditugula ez onartzeko izaera matxista, arrazista, klasista edo faxista izan zezaketen inolako erasorik. 

Zein da ekimenaren helburua?

Lasa: Elizondora eskualdetik ehunka kide joan ginen, eta baliagarria izan da elkar ezagutzeko, ezinegon politikoak partekatzeko zein eztabaidatzeko eta komunitatea indartzeko. Joan aurretik aurkezpen zabal eta jendetsuak egin genituen, besteak beste, Anoetan, Ibarran, Tolosan eta Villabonan. 

Sukia: Ingurukoei gonbidapena luzatu genien helburu politikoak eta egitaraua azaltzearekin batera. Handik ilusio eta gogo handiz bueltatu gara, eta orain faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka norberaren herritik egitea dagokigu. 

Orain zer duzue esku artean?

Lasa: Orain, gu ere, greba orokorreko antolakuntzan murgildu gara. Eta gure alea jarriko dugu etxebizitzaren negozioarekin amaitzeko Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek eta gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrean.

Sukia: Eskualdeko gazteongan begi bistakoa da emantzipatzeko ezintasuna. Orokorrean soldata baxuak izaten ditugu eta, aldi baterako kontratuak izaten dira gehienak. Baldintza horien ondorioz ezinezkoa da, adibidez, hipoteka baterako sarrera ordaintzea. Eta alokairuan bizitzea ere, beste hainbeste.

Horrekin lotuta, larria da Gaztelagun eta halako diru laguntzekiko sortu den dependentzia. Urte gutxirako balio duten partxe batzuk dira. Gazteoi emantzipatzen laguntzeko baino gehiago balio dute errentatzaileei ‘zeharka’ dirua emateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!