Baten grina eta bestearen ezina

Tentsio handiko partida jokatu dute Altuna III.ak eta Peña II.ak. Tolosako Beotibar pilotalekuan amezketarrak 22 eta 15 hartu du mendean tolosarra, eta Lau eta Erdiko Txapelketako finalaurrekoetako txartela eskuratu du. Peña II.ak agur esan dio aurtengo txapelketari.

Hasterako piztu du ikusmira Tolosako Beotibar pilotalekuko Jokin Altunaren eta Jon Ander Peñaren arteko norgehiagokak. Eta ez da gutxiagorako izan, Lau eta Erdiko Txapelketan jarraitzeko aukera izan baitute jokoan. Pilotazalez betetako frontoian amezketarrak 22-15 menderatu du tolosarra, eta, horrela, finalaurrekoetara sailkatu da.

Indarrak lehen tantoetan pareko izan dituzte pilotariek, eta errenta handirik lortu gabe egin dute gora markagailuan biek ala biek. Pixkanaka, ordea, gailenduz joan da Altuna III.a, eta lehen atseden tartea markagailuan bost tantoko abantaila (8-3) zuela hartu du amezketarrak. Partidak ildo beretik jarraitu du, eta erritmoari eusten bazion ere, uneoro markagailuan atzetik joan da Peña II.a. Pilotakadaz pilotadaka, tartea handituz aritu da Jokin Altuna, eta 15. tantoarekin lortu du errentarik handiena: 15-6.

Tentsioa amaieraraino

Partidak erabakita zegoela ematen bazuen ere, kartsuki jokatzen jarraitu du tolosarrak, eta atzetik aurrerakoa eginez amezketarra bi tantora izateraino gerturatu da (17-15). Altunak, ordea, azken ahaleginak egin eta bata bestearen atzetik kateatu ditu amaierara bitarteko bost tantoak. Markagailua itxi denean amezketarrak 11 tanto egin eta 5 galdu ditu; tolosarrak, berriz, 10 egindako eta 11 galdutako izan ditu.

Hori horrela, Altuna III.a finalerdietara sailkatu da B multzoko bigarren postuan, eta Peña II.ak —lehian jarraitzen zuen Baikoko pilotari bakarrak— agur esan dio aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!