Albizturko eta Leaburu-Txaramako herritarrek herrian bertan atera ahalko dute dirua aurrerantzean, bi herrietan kutxazain automatikoa jarri baitute. Aukera hori Abaltzisketa eta Hernialdera zabalduko da laster, Eusko Jaurlaritzaren Berosi programaren barruan horietan ere jarriko baitituzte kutxazainak.
Berosi programa Eusko Jaurlaritzak 2025ean abian jarritako ekimena da, eta helburu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landa-eremuetan oinarrizko zerbitzuak bermatzea eta herri txikietan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzea. Bada, helburu horiek betetzeko aurreikusten dituen ekintzen artean dago kutxazain automatikoak instalatzea. Orotara, landa-eremuko 38 udalerritan jarriko dituzte kutxazainak, eta tartean dira eskualdeko laurak. Kutxabank arduratuko da kutxazainak jartzeaz, Jaurlaritzaren lizitazioa erakundeak irabazi baitzuen. Lekua berriz, herri bakoitzeko udalak jarriko du.
Hain justu, gaur inauguratu dituzte Albizturren eta Leaburu-Txaraman kutxazainak, eta bertan izan dira Kutxabank erakundeko ordezkariak eta bi herrietako alkateak. Kutxazainak udaletxeen eraikinetan jarri dituzte.
Xeber Irastorza eta Ainara Ipiñazar Kutxabankeko ordezkariek bi herrietako udalek erakutsi duten babesa eskertu dute, horrek asko erraztu eta arindu baitu kutxazaina jartzea. Jarriko dituzten 38 udalerriez aparte, beste hainbat herrik ere interesa azaldu dutela esan dute.
Joxe Ramon Eizagirre Leaburu-Txaramako alkateak esan du geroz eta gutxiago izaten dugula eskudirutan, baina, hala ere, oraindik ere beharrezkoa izaten da hainbat kasutan, eta aurrerantzean etxetik gertu izango dute herritarrek dirua ateratzeko modua.