KIUBak kontsumo ohiturei erreparatzeko deia egin du

Tolosaldeko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) Gau Beltza ospatu bai, baina kontsumo arduratsua egiteko deia egin du. 

Tolosaldeko KIUBak sormena lantzera eta etxean ditugun arropak eta materialak berrerabiltzera animatzen ditu herritarrak, ospakizun hauek modu jasangarriagoan bizitzeko. Gau Beltza gozatzeko, elkarrekin egoteko eta irudimenari bide emateko eguna dela esan du, baina gure kontsumo ohiturei buruz hausnartzeko aukera ere eskaintzen duela gehitu du, «ospatzeko ez dugu etengabe erosi beharrik».

Tolosaldeko KIUBetik, kontsumitzaileen informazio eta arretarako zerbitzu publiko gisa, herritarrak jai hauek modu arduratsuagoan, jasangarriagoan eta seguruagoan bizitzera animatu ditu, eta horretarako mozorroak prestatzerakoan berrerabilpena lehenestea proposatu du. «Mozorro berria erosi aurretik, armairua ireki eta erabiltzen ez ditugun arropak, jantzi zaharrak, maindireak, zapiak, oihalak edo etxean ditugun trapuak erabil ditzakegu. Irudimen pixka batekin, mozorro original eta dibertigarriak sortuko ditugu, materialei bizitza berri bat emanez eta hondakin gutxiago sortuz». Familia eta lagunen artean mozorroak trukatzea, aurreko urteetakoak berrerabiltzea edo bigarren eskuko dendak aukeratzea ere aholkatu du.

Tolosaldeko KIUBetik gogorarazi nahi dute kontsumo arduratsuak dagoeneko ditugun gauzak aprobetxatzea, beharrezkoak ez diren erosketak saihestea eta gure erabakiek ingurumenean duten eragina kontuan hartzea ere badakarrela. «Gau Beltz honetan, mozorrorik onena etxean bertan izan dezakegu. Berrerabili, sortu eta gozatu, behar baino gehiago kontsumitu gabe».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!