Udal plangintza garatu ahal izateko diru laguntzak handitu dituzte

Lizartza da eskaera egin duen herrietako bat.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak diru laguntzak handitu ditu aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko. Eskualdeko sei udalerrik egin dute eskaera.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 7.000 biztanletik beherako udalerriek hirigintza plangintzan aurrera egin dezaten diru laguntza programa zabaldu du aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko. 306.474,12 euro banatuko dituzte, kopuru horrekin diru laguntza jaso nahi duten udal guztien eskaerei erantzun ahal izateko.

2025ean hamar udalerrik jaso zuten diru laguntza hori, tartean Alkizak, Baliarrainek, Larraulek, Lizartzak, eta Orexak, eta aurten hamabi udalerrik egin dute eskaera, tartean Alkizak, Baliarrainek, Lizartzak, Larraulek, Elduainek, eta Adunak.

Azahara Dominguez diputatuak azpimarratu duenez, garrantzitsua da «Gipuzkoako udalerri txikienek beren beharretara eta egungo erronketara egokitutako hirigintza plangintzarako tresnak izatea». Izan ere, «plangintza eguneratua izateak lurraldea hobeto antolatzeko aukera ematen du. Horri esker, hainbat gai garrantzitsu landu daitezke, hala nola klima aldaketara egokitzea, hondatuta dauden hiri eremuak berreskuratzea eta eskura ditugun baliabideak arduraz erabiltzea. Gainera, gizarte-kohesioa indartzen eta tokiko ekonomiarako aukera berriak sortzen laguntzen du», gaineratu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!