Tolosaldean enpresa berriak sortzeko laguntzak abian

Lanbidek 18.400 euro bideratuko ditu eskualdeko ekintzailetza sustatzeko.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, Tolosaldea Garatzenen lankidetzarekin, eskualdean enpresa berrien sorrera bultzatzeko laguntza programa berri bat jarri du martxan. Ekimenaren helburua da enplegua sustatzea, ekintzailetza indartzea eta negozio ideia bideragarriak garatzeko baliabide ekonomikoak eskaintzea.

Programaren bidez, guztira 18.400 euro bideratuko dituzte enpresa proiektu berriak abian jarri nahi dituzten pertsonek jasotzeko. Aurreikuspenen arabera, gehienez zortzi ekintzailek jasoko dute laguntza, negozio planaren prestaketa eta ondorengo enpresa sorrera finantzatzeko.

Laguntzak bi fasetan banatuko dituzte. Lehenengo fasean, pertsona onuradunek beren proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko eta enpresa plana lantzeko diru laguntza jasoko dute. Bigarren fasean, jarduera ekonomikoa benetan martxan jartzen duten pertsonek enpresa sortzeko laguntza osagarria eskuratuko dute.

Laguntzen zenbatekoa eta baldintzak

Diru-laguntzen zenbatekoa adinaren eta sexuaren arabera zehaztuko dute, ekintzailetzan kolektibo jakin batzuek duten parte-hartzea sustatzeko helburuarekin.

Deialdian parte hartu ahal izango dute langabezian dauden eta Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsonek, betiere Tolosaldea Garatzenen aholkularitza prozesuan parte hartzen badute. Halaber, ezin izango dute helburu bererako beste laguntzarik jaso, eta azken urtean ez dute alta emanda egon beharko ez Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ), ezta autonomoen araubidean ere.

Era berean, eskatzaileek beren negozio-proiektua garatzeko eta bideragarritasun azterketa egiteko 3 eta 5 hilabete arteko dedikazioa bermatu beharko dute. Lehentasuna izango dute eskualdean erroldatuta dauden pertsonek.

Eskaerak aurkezteko epea

Interesa duten pertsonek azaroaren 13ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak. Informazio gehiago eskuratzeko eta izena emateko, Tolosaldea Garatzeneko ekintzailetza zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan, 943 654 501 telefono zenbakira deituta edo zubeldia@tolosaldea.eus helbidera idatzita.

Hartzaile mota Enpresa plana Enpresa sorrera
30 urtetik beherako emakumeak 1.560 euro 2.600 euro
30 urtetik beherako gizonak 1.380 euro 2.300 euro
30 urtetik gorako emakumeak 1.380 euro 2.300 euro
30 urtetik gorako gizonak 1.200 euro 2.000 euro

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!