Erreportajea

Oso bestelako dinamiken arteko derbia

Josu Artutxa Dorronsoro

Torres (Tolosala) eta Davila (Lauburu), bi taldeetako entrenatzaileak, Belabietan. J. ARTUTXA

Areto futboleko Hirugarren Mailako Lauburu KE Ibarra eta Tolosala AFKE taldeek elkarren aurka jokatuko dute larunbatean, 16:00etan hasita, Belabietan.

Areto futboleko Hirugarren Mailako Lauburu KE Ibarrak eta Tolosala AFKEk elkarren aurka jokatuko dute larunbatean, 16:00etan hasita, Belabietan. Bi taldeek oso bestelako emaitzak izan dituzte ligako lehen bost jardunaldietan. Lauburu azken-aurrena da sailkapenean, bi punturekin. Tolosala, berriz, liderra da, 13 puntu bilduta; partidarik galdu ez duen talde bakarra da.

Lauburuk ez du ondo hasi denboraldia, baina Cristian Davila etxeko entrenatzailea «pozik» dago jokalarien jarrerarekin. «Partida guztiak lehiatzen ari dira, eta gehienetan irabazteko aukerekin iristen ari gara azken minutuetara. Hustu egiten dira; beraz, ezin diet gehiago eskatu. Pena dut, puntu gehiago ez edukitzeagatik, baina ziur naiz emaitza onak iritsiko direla. Akaso, talde gaztea izatearen eta esperientzia-falta edukitzearen bidesaria ordaintzen ari gara».

Inhar Torres Tolosalako entrenatzaile zizurkildarra «kontentu» dago taldeak orain arte egindako lanarekin, baina, era berean, aitortu du «sentsazio arraroak» izan dituela. «Lehen bi partidetan aurkariek aukera gutxi behar izan zituzten golak egiteko; defentsako lanak zalantza handiak sortu zizkidan. Aldiz, erasoan, gol aukerak erraz sortzen ari gara», azaldu du. Tolosala da ligako talde golegileena: 31 gol egin ditu bost partidatan.

Iazko emaitzak gogoan

Dinamikak dinamika, topikoen arabera derbietan ez da faboritorik izaten. Xehetasun txikienek eragin handia izan dezakete halako partidetan, baina orain arteko emaitzak ikusita, tolosarrak dira faborito. «Partida ondo hasiz gero, espero dut emaitza ona lortzeko lan handiak ez izatea», esan du Torresek. Hala ere, gogoan ditu iazko bi derbien emaitzak: Ibarran bana berdindu zuten, eta Tolosan 0-1 irabazi zuen Lauburuk. Zizurkildarrak gaineratu du lider izateak lasaitasuna eta konfiantza ematen duela, baina gertatu daitekeela taldea gehiegi erlaxatzea, eta beheko postuetan dagoena motibatuago kantxaratzea. «Inoiz ez da jakiten derbietan zer gertatu daitekeen; motibazio- eta intentsitate-maila altuan jokatu behar dira».

Hori dela eta, «partida oso luzea eta erritmo oso altukoa» aurreikusten du Torresek. «Alor fisikoan, talde gazteek gaitasun handiagoa izaten dute partida amaierara arte erritmo altuan irauteko». Uste du bi taldeek erritmo eta intentsitate bera mantenduz gero, «neurketa oso polita» izango dela. «Baina, bietako batek pixka bat behera eginez gero, aurkariak min handia egin dezake».

Davila ados dago Torresekin, baina, era berean, talde gaztea izateak esperientzia-falta dakarrela errepikatu du. «Gazteak izan arren, partida batzuetan justu samar heldu dira amaierara, eta une erabakigarrienetan ez dituzte erabaki egokienak hartu», adierazi du. Partida osoan zehar «erabat kontzentratuta egotea eta lehiakorrak izatea, eta, ahal dela, erritmoan eta intentsitatean behera ez egitea» izango da ibartarraren helburua. «Badakit zertarako gai garen, eta dugun maila emanez gero, irabazteko aukerak izango ditugu. Derbiak beti dira politak, intentsitate handikoak, eta espero dut giro ona eta kiroltasuna nagusitzea», gaineratu du.

Gora eta behera begira

Lauburuk hirugarren denboraldia du jarraian Hirugarren Mailan. Davilak, ordea, gogoratu du harrobiko taldea direla. «Jokalari ia denak jubenilak dira. Helburu nagusia haiek prestatzea da, lehen talderako pausoa eman dezaten, eta, ahal bada, maila mantentzea». Tolosala, berriz, 2023-2024 denboraldiaz geroztik dago Bigarren B Mailara igotzeko lehian sartuta. «Aurtengo helburu bakarra mailaz igotzea da», esan du Torresek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!