Adimen artifizialari buruzko prestakuntza saioa Iruran

Tolosako saioa. Iturria: Uzturre Foroa

Uzturre Foroak adimen artifizialari buruzko prestakuntza eskaintza berria egin du; oraingoan Iruran izango da, eta irurarrei eta anoetarrei egongo da zuzenduta.

Azken hilabeteetan adimen artifizialari buruzko oinarrizko prestakuntzak eskaintzen ari da Uzturre Foroa. Orain arte Tolosan, Albizturren, eta Berrobin eskaini dute, eta orain Iruraren txanda izango da. Anoetarrei eta irurarrei zuzendutako saioa izango da. Saioa Joseba Ormazabal adituak eskainiko du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamenduarekin elkarlanean, eta helburua da adimen artifiziala herri txikietako errealitatera gerturatzea. Prestakuntza Irurako udaletxeko ganbera aretoan eskainiko dute,  azaroaren 3an, 18:30etik 20:00etara. Ikastaroa doakoa da, eta sarrera librea izango da.

Ikastaroak honako helburu hauek ditu: lehenik, adimen artifizialean hasteko oinarrizko prestakuntza eskaintzea; eta, bigarrenik, adimen artifizialaren erabilera zehatzerako aukerak aurkeztea. Helburu horien arabera, ordu eta erdiko prestakuntza-modulua hiru ataletan banatuko dute: zer den adimen artifiziala eta nola funtzionatzen duen azalduko du lehenik; adimen artifizialaren aukera eta aplikazio zehatzen berri emango du, ondoren; eta bukatzeko, ariketa praktikoak eta AAren erabilera adibideak landuko dituzte.

Uzturre Foroak esan du ez dela adimen artifizialari buruzko prestakuntza aurreratua, oinarrizko edo hastapeneko prestakuntza baizik. «Nolanahi ere, adimen artifizialaren ahalmen eta aukeretan etengabe gertatzen dira aldaketak eta aurrerapenak, egun edo aste gutxiren buruan. Horregatik, maiatzean Tolosan eskainitako ikastaroak ez zituen Albizturren edo gero Berrobin emandakoaren eduki berberak izan. Era berean, Iruran eskainiko denak azken hilabeteetako berrikuntzak jasoko ditu».


Uzturre Foroak ikastaroan parte hartzera animatzen ditu gai honetan interesa duten Irura eta Anoetako herritarrak, baita inguruko beste edozein herritakoak ere. Era berean, Uzturre Foroa sakonago ezagutu nahi dutenak bere webgunea bisitatzera eta elkarteak sortu zenetik egindako ibilbidea ezagutzera gonbidatzen ditu. Elkarteak hausnarketarako, prestakuntzarako, eztabaidarako, ikerketarako eta gizarte-partaidetzarako guneak eskaini nahi ditu. Helburu horiek lortzeko, Uzturre Foroak dibulgazio, prestakuntza eta herritarren partaidetzako jarduerak antolatzea aurreikusten du.

Testuinguru horretan kokatzen da Uzturre Foroak eskaintzen duen prestakuntza proposamen hau. Oraingoan, herri txikietako herrien ikuspegi berezitik adimen artifizialaren erabilerak eta aukerek izan ditzaketen interesa eta eragina jartzen dira erdigunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!