Historia egiteko hautatu zituzten, eta historia egin dute. Euskal Pilota Selekzioak hamabi dominarekin amaitu du XX. Munduko Euskal Pilota Txapelketa: lau urre, zazpi zilar eta brontze bat. Horietako sei eskualdeko ordezkariek lortu dituzte: Edorta de Anta tolosarrak eta Iraitz Olaetxea lizartzarrak urrezko eta zilarrezko domina bana irabazi dituzte pilota egokituan eta eskuzko modalitatean, hurrenez hurren, eta Julen Alberdi zizurkildarrak zilarra eta Miren Larrarte bidaniarrak brontzea lortu dituzte frontball-ean. Euskal selekzioarekin xarean parte hartu duten lau irurarrak –Xuban Lopetegi, Oier Iturbe eta Markel Mujika jokalariak eta Mikel Uzkudun hautatzailea– laugarren izan dira.
Urrezko domina guztiak izan ohi dira bereziak, are gehiago euskal selekzioak ofizialki lehen aldiz parte hartzen duen munduko txapelketan lortutakoa izanez gero. Hala izan da de Antaren eta Olaetxearen kasuan. De Anta pilota egokituan izan da munduko txapeldun, trinketan. Tolosarrak eta German Elkorok 2-0 hartu zuten mendean finalean Frantzia: 15-10 eta 15-9. Domina jantzi ondoren, de Antak adierazi zuen «poz handia» zuela. «Ez dut sinesten. Amets bat da». Urrezko domina historikoa da, lehen aldiz jokatu baitute pilota egokitua Munduko Txapelketa nagusi batean. 36 metroko frontoiko finalean ere aurrez aurre izan ziren euskal selekzioa eta Frantzia. Partida gogorra eta luzea izan zen, baina azkenean, De Antak eta Elkorok 0-2 (9-15 eta 9-15) galdu zuten.
Olaetxea esku pilotako hautatzaile aritu da txapelketan. Eskuz banakako eta binakako finalak jokatu zituen euskal selekzioak, biak Espainiaren aurka. Banakakoan, 0-2 (0-10 eta 4-10) galdu zuen euskal selekzioak. Binaka, berriz, urrea lortu zuen. Eñaut Lizeagak eta Oier Elorzek jokatu zuten Espainiako Canabal eta Apeztegiaren aurka, eta 2-0 irabazi zuten: 10-7 eta 10-9.
Frontball-ean, Alberdik Mexikoren aurka jokatu zuen finala, gizonezkoetan. Oso final zaila izan zuen Niño Abrahamen aurka eta 0-2 (6-10 eta 3-10) galdu zuen. Zizurkildarra lekuz kanpo ibili zen ia tanto guztietan. Emakumezkoetan, berriz, Miren Larrarte bidaniarrak brontzea lortzeko partida jokatu zuen Rengel venezuelarraren aurka, eta 2-0 (10-5 eta 10-8) irabazi zion, merezita.
Lopetegi, hunkituta
Euskal selekziokoak ez dira, ordea, munduko txapelketan parte hartu duten eskualdeko ordezkari bakarrak izan. Hiru pilotari aritu dira Espainiako selekzioarekin, eta horietatik bi munduko txapeldun izan dira: Joxi Lopetegi irurarra xarean eta Naroa Merino tolosarra zesta puntan, 54 metroko frontoian. Eneko Maiz billabonatarrak eskuz banaka parte hartu du trinketan, eta txapeldunorde izan da.
Akaso, Lopetegirena izan da urrezko domina hunkigarriena. Multzoen fasean, Xuban semearen aurka jokatu zuen, eta Frantziaren aurkako finalean erakustaldia eman zuen Lopetegik. Sebastian Moncadarekin osatu zuen bikotea, eta 2-0 (15-7 eta 15-6) hartu zituzten mendean Bruno Driolet eta Andoni Castera. Lopetegik hunkituta hitz egin zuen partidaren ondoren egindako adierazpenetan: «Uda guztian zehar zortzi pilotari prestatu gara txapelketa jokatzeko, eta lau etorri gara hona. Guztion lanaren emaitza da domina hau. Merezi izan du». Hitz egiten ari zen bitartean, Xuban semea hurbildu zitzaion, eta besarkada hunkigarria eman zioten elkarri.
Merino izan da urrezko domina lortu duen eskualdeko beste pilotaria. Ez zuen euskal selekzioaren aurkako finala jokatu, baina Erika eta Arai taldekideek 2-0 (9-15 eta 12-15) hartu zuten mendean euskal selekzioa, eta ondorioz, urrezko domina jantzi zuen tolosarrak. Maizek ere ez zuen jokatu Espainiarekin trinketeko eskuz banakako finala, Frantziaren aurka. Luis Santxez nafarrak jokatu zuen, eta 2-0 (15-7 eta 15-12) galdu zuen. Ondorioz, Maizek zilarrezko domina lortu zuen.