Txapeldun handien modura, Jokin Altunak Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako faseko lehen jardunaldiko mamuak uxatu zituen larunbatean, Donostiako Atano III pilotalekuan Lasori 22-13 irabazita. Bigarren jardunaldian garaipena lortuta, puntu bat du orain.
Tentsioa nagusitu zen Donostiako neurketan. Hala ere, lehen zatian aurkaria baino gehiago izan zen Altuna. Amezketarrak hasieratik ezarri zuen berak nahi zuen abiadura, oso ondo aritu zen defentsan eta asko asmatu zuen tantoak amaitzerako orduan. Lasok, berriz, ez zuen beste batzuetan bezain beste asmatu sakean eta errematean. 15-6 joan zen aurretik Altuna. Orduan, baina, arriskuak hartu zituen Lasok, eta sake-erremateari esker aldea murriztu zuen. Sei tanto egin zituen jarraian. Altunak, ordea, sakea berreskuratu zuen, eta zuzenean joan zen 21era. Ez zion markagailuan gehiago hurbiltzeko aukerarik eman aurkariari.
Neurketa amaieran gustura zegoen amezketarra: «Zama handia kendu dut gainetik. Nahi edo ez, buruari bueltak ematen dizkiozu. Gaur, behintzat, ondo atera zaizkit gauzak: partida gogortu nahi izan dut, eta oparirik ez egin».
Atzo jokatu zuten Peña II.ak eta Zabalak multzo bereko beste partida Logroñoko Adarragan. Zabalak irabaziz gero, Laso txapelketatik kanpo geratuko zen, eta errioxarrak finalerdietarako txartela lortuko zuen matematikoki. Hala gertatu zen. Peñak 17-22 galdu zuen, eta, ondorioz, lehen jardunaldian Lasori irabazita lortutako puntuarekin jarraitzen du.
Partida ikusgarria jokatu zuten Peñak eta Zabalak. Lehen erdia oso parekatua izan zen; Peña nagusitu zen hasieran, baina biak fin aritu ziren errematean. Hala, parean heldu ziren lan erdietara: 11-11. Orduan piztu zen errioxarra, publikoa alde zuela. Peña atzean jokatzera behartu zuen, eta ondo aukeratu zituen erremateak egiteko uneak; Peña, berriz, tantoa azkarregi amaitzen saiatu zen behin baino gehiagotan, eta, azkenean, sei pilota galduta amaitu zuen partida. Horrela, Zabalak tartea zabaldu zuen, eta tarte handia zuen partida irabazteko tanto bakarra falta zitzaionean: 13-21. Peñak lau tanto egin zituen jarraian, baina ezinezkoa izan zen markagailua irauli eta garaipena lortzea.
Kontuak kontu, egoera berean dira Altuna eta Peña. Norbere esku dago finalerdietarako txartela lortzea, elkarren aurka jokatuko baitute hirugarren eta azken jardunaldian. Irabazlea finalaurrekoetara sailkatuko da, eta sari gehigarria izango du: datorren urteko txapelketan final-laurdenetako fasean sartzea. Galtzaileak agur esango dio aurtengo txapelketari. Tolosako Beotibar pilotalekuan izango da neurketa ostiralean, eta 21:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partida izango da. Lehen partidan, Egiguren V.a-Martija eta Larrazabal-Imaz bikoteek jokatuko dute elkarren aurka. Jaialdira joateko sarrerak salgai daude esteka honetan.