Tolosaldeko gazteek eskualdea nola irudikatzen duten ikusi asmoz, Tolosaldea Zure Ahotik Bideo Lehiaketa antolatu du beste behin ATARIAk, Laboral Kutxaren laguntzarekin. Harrera oso ona izan du ekimenak, eta eskualdeko 12 eta 18 urte bitarteko gazte ugarik hartu dute parte, hiru laguneko taldeetan banatuta.
Gazteek Zer diozu Tolosaldeaz? galderari erantzun behar izan diote ikus-entzunezko baten bidez. Askotariko lanak egin dituzte, ikuspuntu desberdinetatik jorratuak, eta teknika mota ugari erabiliz. Eskualdea gastronomiari begira deskribatu dute hainbatek, festak erdigunean jarri dituztenak izan dira, eta baita historiari eta kulturari begira jarri direnak ere. Gazteek beraz, sormenerako duten gaitasuna erakutsi dute.
Deialdiak arrakasta izan du, eta horrelako ekimenek gazteen artean sormena, taldelana eta euskara bultzatzeko duten garrantzia ikusita ATARIAk eta Laboral Kutxak datorren ikasturtean berriz ere antolatzea adostu dute.
Saridunak
WEBGUNEKO ERABILTZAILEEN SARIA- Lana: Tolosaldeari bira.
- Taldekideak: Lara Uzkudun, Laida Sastre eta Ekain Zudaide (Ilargi taldea).
- Saria: 40 euroko bonu bana tokiko merkatari-elkarteetan zerrendatutako edozein dendatan erabiltzeko, eta ATARIAko materiala.
- Lana: Etorkizuna gure esku.
- Taldekideak: Ana Aiertza, Maier Lanzeta eta Naira Grandes (MAN taldea).
- Saria: bakoitzak 300 euroko bonua jaso du Tolosa, Villabona eta Ibarrako dendetan gastatzeko.
- Lana: Herribarrez.
- Taldekideak: Koikili Perea, Lizar Perea eta Oier Sarasola (Danba taldea).
- Saria: bakoitzak 400 euroko bonua jaso du, tokiko merkatari-elkarteetan zerrendatutako edozein dendatan erabiltzeko.