Euskal selekzioa arrastoa utzi eta utzi dabil Munduko Euskal Pilota Txapelketan, Argentinan eta Uruguain. Atzo, hirugarren domina irabazi zuen, urrezko bigarrena, trinketeko pilota egokituan. Edorta de Anta tolosarrak eta German Elkorok 2-0 hartu zituzten mendean finalean Frantziako ordezkari Dorian Navarro frantziarra eta Maxime Cabanne lapurtarra: 15-10 eta 15-9. Beñat Lizaso eta Sergio Rodriguez ere aritu dira txapelketan, beraz, haiena ere bada urrea.
Urrezko domina historikoa da, lehen aldiz ari baitira jokatzen pilota egokitua Munduko Txapelketa nagusi batean. Bihar jokatuko den 36 metroko frontoiko finalean ere aurrez aurre izango dira euskal selekzioa eta Frantzia (19:00), eta atzoko garaipenak sekulako konfiantza emango die euskal selekzioko pilotariei.
Domina jantzi ondoren, de Antak Berria egunkariko bidali bereziari adierazi zion «poz handia» zuela. «Ez dut sinesten. Amets bat da. Frantziak ondo jokatu du, haien ziren faborito, baina gure amorruarekin, gure pozarekin eta gure balentriarekin, partida ona atera da, eta oso pozik gaude».
Ver esta publicación en Instagram
Xarean, laugarren
Atzo beste domina bat irabazteko aukera ere bazuen euskal selekzioak, xarean, Ametsa Pilota Elkarteko irurarrek brontzea nork irabazi erabakitzeko partida jokatu baitzuten, Argentinaren aurka, baina 2-0 galdu zuten: 15-12 eta 15-10. Oier Iturbe eta Markel Mujika aritu ziren lehen setean, eta bigarren setean Xuban Lopetegik Mujika ordezkatu zuen. Hirurek oso itxura ona eman zuten, eta estu hartu zuten etxeko selekzioa.
Euskal selekzioa laugarren geratu da txapelketan. Oso postu ona da, kontuan hartuta azken unean jaso zuela Munduko Txapelketan aritzeko gonbidapena, eta selekzioko hiru xarelariak oso gazteak direla. Brontzezko domina irabazteko lehia jokatzea jada lorpen handia izan da. Txapelketa honek mesede handia egingo die eskarmentua hartzeko.
Zilarra, Maizentzat
Atzo, trinket berean, eskuz banakako modalitateko finala jokatu zuten Espainiak eta Frantziak. Eneko Maiz billabonatarra Espainiarekin ari da parte hartzen txapelketan, baina atzo Luis Santxez nafarrak jokatu zuen finala. Santxezek 2-0 (15-7 eta 15-12) galdu zuen finala. Ondorioz, Espainiak, eta tartean, Eneko Maizek, zilarrezko domina lortu zuen.
Bost final eta sei domina jokoan, eskualdeko pilotarientzat
Euskal selekzioak uzta biltzen jarraituko du gaur, bost final jokatuko baititu. Horietako bietan, 36 metroko frontoiko eskuz banakako eta binakako finaletan, Iraitz Olaetxea lizartzarrak parte hartuko du, pilotarien hautatzailea baita. Bi finalak Espainiaren aurka jokatuko ditu euskal selekzioak. Euskal Herriko 19:00etan hasiko dira final horiek, eta elkarren segidan jokatuko dituzte.
Atzo, bertan behera geratu ziren hiru final trinketan, hezetasunagatik. Horiek gaur jokatuko dituzte, 20:00etatik aurrera. Lehenik, eskuz binakakoa izango da. Espainiak eta Frantziak jokatuko dute, eta ikusteko dago Maizek Espainiarekin jokatuko duen. Ondoren, xareko finala jokatuko dute bi selekzio horiek, eta Espainiakoan litekeena da Joxi Lopetegi irurarrak Moncadarekin bikotea osatuta jokatzea. Multzoen faseko lehen jardunaldian, 2-0 irabazi zioten Frantziako bikoteari.
Bihar, txapelketako azken egunean, hiru final jokatuko ditu euskal selekzioak, eta horietako batean Julen Alberdik parte hartuko du. Gizonezkoen frontball-eko finala jokatuko du euskal selekzioak Mexikoren aurka, 19:00etan, eta ikusteko dago selekzioko hautatzaileak pilotari zizurkildarra aukeratzen duen finala jokatzeko. Emakumezkoen frontball-ean, berriz, euskal selekzioak brontzea nork irabazi erabakitzeko partida jokatuko du Venezuelaren aurka, 14:00etan, eta Miren Larrarte bidaniarra selekzioarekin ari da jokatzen modalitate horretan, eta ikusteko dago biharko partida jokatuko duen ala ez.
Eskualdeko pilotariek gaur eta bihar jokatuko dituzten partidak:
- Urriak 23, ostirala.
- 19:00. Eskuz banaka, frontoian: Euskal selekzioa vs. Espainia. Iraitz Olaetxea.
- 20:00. Eskuz binaka, frontoian: Euskal selekzioa vs. Espainia. Iraitz Olaetxea.
- 20:00. Eskuz binaka, trinketan, finala: Espainia vs. Frantzia. Eneko Maiz.
- 21:00. Xarea finala: Espainia vs. Frantzia. Joxi Lopetegi.
- Urriak 24, larunbata.
- 14:00. Frontball-a emakumezkoak, hirugarren eta laugarren postua: Euskal selekzioa vs. Venezuela. Miren Larrarte.
- 17:00. Frontball-a gizonezkoak, finala: Euskal selekzioa vs. Mexiko. Julen Alberdi.
- 19:00. Pilota egokitua, frontoian, finala: Euskal selekzioa vs. Frantzia. Edorta De Anta.
Partidak ikusteko, egin klik esteka honetan.


