Bost hitzordu azaroaren 11ko greba antolatzeko

Gaur-biharretan eskualdeko bost herritan egingo dituzte greba orokorra antolatzeko etxebizitza asanbladak Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta. Espekulazioaren eta errentismoaren aurka eta etxebizitzarako eskubide bermatuta edukitzearen alde deitu dute grebara.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak greba orokorra deitu dute azaroaren 11rako, besteak beste, etxebizitza-eskubidearen alde. Greba hori antolatzeko etxebizitza asanbladak antolatu ditu Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta Tolosaldean gaur eta bihar egingo dituzte lehenak bost herritan.

Hain zuzen, gaur arratsaldean bilduko dira Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean eta Ibarrako Txontxon, hurrenez hurren, 18:00etan eta 19:00etan. Bihar, berriz, Anoetako Lasarbe aretoan eta Tolosako Plaza Berrian izango dira etxebizitza asanbladak, biak ala biak, 11:00etan. Alegian, berriz, datorren larunbaterako egin dute deialdia, eta 11:00etan elkartuko dira, herriko zinean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!