Larunbatean jokatu zen Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko laugarren proba Kanpezun (Araba). Hiru sektore izan zituen ibilbideak: 6,4 kilometro korrika (219 m+), 19 kilometro mendiko bizikletan (624 m+) eta 1,5 kilometro korrika (18 m+). Bi trantsizio, beraz.
38 kirolarik parte hartu zuten bakarkako proban, eta gizonezkoen artean, Eneko Gurrutxaga amasarra izan zen azkarrena, 1.40.17ko denbora eginda. Julen Balerdi idiazabaldarra izan zen bigarren (1.41.38) eta Endika Mantecon segurarra hirugarren (1.42.39). Mendiko bizikletan erabaki zen proba. Gurrutxagak egin zuen denborarik onena sektore horretan, eta ohi duen moduan, korrikako lehen saioan galdutako denbora berreskuratzeaz gain, tarte zabala ireki zuen lehiakideekin. Zirkuituko orain arteko liderra, Aitor San Sebastian zizurkildarra, ez zen Kanpezun izan.
Emakumezkoen artean, Ainhoa Markinez idiazabaldarrak lortu zuen garaipena (2.11.21), Maite Murgia lazkaotarra izan zen bigarren (2.12.30), eta aurtengo zirkuituan lehen aldiz parte hartu duen Maitane Garmendia ibartarra hirugarren (2.12.37). Garmendia izan zen, gainera, mendiko bizikletan denborarik onena egin zuena. Izarne Mayoz asteasuarra laugarren izan zen (2.20.43), eta Jone Gomez tolosarra bosgarren (2.25.41).
Sailkapen guztiak, Euskadiko Triatloi Federazioaren esteka honetan.
Eskualdean, hiru proba
Larunbatean izango da zirkuituko bosgarren proba, Aian. Aurrerago, hiru proba izango dira Tolosaldean: urriaren 31n Ibarran, azaroaren 21ean Bidania-Goiatzen eta azaroaren 28an Adunan. Guztietarako izen-emateak zabalik daude oraindik, Mendiduatloia.eus webgunean.