Tolosako Elkarteen eta Boluntarioen Azoka, bihar

Elkarteen eta Boluntarioen Azokako artxiboko irudia.

25 elkartek eta 536 ikasle inguruk hartuko dute parte aurtengo azokan. Zerkausian izango da, goiz osoan zehar.

Tolosako Elkarteen eta Boluntarioen Azoka egingo dute bihar, hilak 21, Zerkausian. Tolosako Udalak eta Tolosako Osoki Lanbide Ikastolak elkarlanean antolatu dute, eta 09:30etik 13:15era izango da. Azokaren helburua da boluntariotza sustatzea, Tolosako elkarteen —edo Tolosan jarduten dutenen— aniztasuna erakustearekin eta boluntarioen lana ikusaraztearekin batera. Aurten 25 elkartek hartuko dute parte, eta bertaratzen direnek haien jarduna ezagutzeko aukera izango dute. Interesa dutenek, gainera, boluntario lanetan parte hartzeko izena eman ahal izango dute.

Tolosako ikastetxeetako 536 ikasle inguru pasatuko dira azokatik. Ikasle guztiek, gainera, azoka baino lehen, aurre-lanketa bat egin dute ikastetxean elkarte horien jardunari buruz, eta azokan bertan nahiz ondoren, lan horrekin jarraituko dute.

Parte hartzen duten ikasle guztien artean, Tolosako kirol eta kultur produktuetan gastatzeko bonuak zozkatuko dituzte, Tolosa&Cori esker.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!