SENDABELARRAK

Azeri-buztana, osasunaren aliatu zaharra

Historiaurreko landare hau silizio-iturri ezaguna da, eta sendabelar gisa erabili izan da tradizioz. Ainitze Salak azaldu du noiz bildu, nola prestatu eta zer neurri hartu behar diren.

Udako lehorteak eragina izan du sendabelar askoren garapenean. Batzuk ohi baino lehenago heldu dira, eta beste asko ez dira behar bezala hazi ere egin. Azeri-buztanak, ordea, baldintza egokiak aurkitu ditu basoetako eremu hezeetan. Eguzkipean dauden lurrak azkarrago lehortu diren arren, basoetako itzalak eta erreka bazterretako hezetasunak landare horren hazkundea lagundu dute.

«Baserrian erreka txiki bat dugu, eta azeri-buztan pila bat atera da inguruan», azaldu du Ainitze Salak. Haren esanetan, landarea biltzeko une egokia da garapen betean dagoenean. Horretarako, garrantzitsua da leku hezeak aukeratzea eta landarea behar bezala moztea, sustraiak lurrean utzita.

Historiaurreko lekukoa

Azeri-buztana (Equisetum arvense) landare berezia da. Lorerik eta hazirik ez du, eta milioika urteko historia ebolutiboa duten landareen taldekoa da. Antzina, gaur egungoak baino askoz handiagoak ziren haren ahaide batzuk. Horregatik, historiaurreko garaiak gogora ekartzen dituen landaretzat jo ohi da.

Landarearen ezaugarri nabarmenetako bat silizioa izatea da. Osagai hori dela eta, azeri-buztana medikuntza tradizionalean erabili izan da, batez ere gernu-ekoizpena handitzeko. Hezurren eta ehun konektiboen osasunarekin ere lotu izan da, eta egokia izan daiteke osteoporosi, artritis edo artrosi kasuetan.

Noiz eta nola bildu?

Azeri-buztana biltzeko, landarea guraizeekin moztea komeni da, sustraiak lurrean utzita. Landareari tiraka eginez gero, sustraiak atera daitezke, eta hori saihestea da egokiena.

Bildu ondoren, izara edo sare baten gainean zabaldu behar da, ondo aireztatutako leku batean lehortzeko. Prozesuak bost edo sei egun inguru iraun ditzake, tenperaturaren eta hezetasunaren arabera. Erabat lehortutakoan, txikitu eta gorde daiteke, hezetasunetik eta argi zuzenetik babestuta.

Landarea norberak biltzean, espeziea behar bezala identifikatzea ezinbestekoa da. Azeri-buztanaren hainbat espezie daude, eta ez dira guztiak berdin erabiltzen.

Infusioa prestatzeko modua

Ainitze Salak emandako prestaketaren arabera, 200-250 mililitro ur eta bost gramo azeri-buztan lehor erabil daitezke. Ura irakiten hasten denean gehitzen da landarea, eta, ondoren, su motelean eta estalkia jarrita edukitzen da 15-20 minutuz.

Prest dagoenean, iragazi egiten da, eta katilura bota. Ainitze Salak limoi-zuku tanta batzuk gehitzea ere proposatzen du, edaria azidotzeko eta, haren esanetan, silizioaren xurgapena errazteko.

Azeri-buztana gernu-ekoizpena handitzeko erabili izan da tradizioz. Europako Sendagaien Agentziak erabilera hori aitortzen du gernu-bideetako kexa arinetan laguntzeko. Ainitze Salaren esanetan, giltzurrunetako harriak edo zistitisa dutenen kasuan azeri-buztanak lagundu dezake. Gainera, hezur hausturak ditugunean, muskulatura arazoak ditugunean, bihurrituren bat izan dugunean, osteoporosia, artrosia, artritisa, lunbalgia dugunean hezurrak eta ehun-konektiboak hobeto finkatzen eta kolagenoa sortzen laguntzen du. Ehun guztiak beraz, berriro sortzen eta leheneratzen laguntzen du azeri-buztanak.

Tratamendu farmakologikoa hartzen ari direnek osasun-profesional bati galdetu behar diote landarea erabiltzen hasi aurretik.

Etxeko erabileretatik sendabelarretara

Azeri-buztanaren erabilerak ez dira osasunera mugatzen. Antzina, haren zurtoinen gainazala baliatzen zuten egurrezko altzariak leuntzeko eta metalezko tresnak garbitzeko, kobrea kasu.

Historiaurreko oihartzuna duen landare txiki horrek, beraz, leku berezia izan du naturaren eta gizakion arteko harremanean. Hura ezagutzea eta haren erabilera tradizionalak ezagutzea baliagarria da, betiere espeziea ondo identifikatuz.

Nola bildu azeri-buztana?

• Aukeratu erreka bazterrak eta lur hezeak.

• Moztu landarea guraizeekin, sustraiak lurrean utzita.

• Zabaldu izara edo sare baten gainean, aireztatutako leku batean.

• Utzi lehortzen erabat, eta gorde leku lehorrean.

Infusioa, pausoz pauso

 

Osagaiak

  • 200-250 ml ur.
  • 5 g azeri-buztan lehor.

 Prestaketa

  1. Jarri ura irakiten.
  2. Gehitu landare lehorra eta utzi su motelean, estalkia jarrita, 15-20 minutuz.
  3. Iragazi edaria eta bota katilura.
  4. Gehitu limoi-zuku tanta batzuk, edaria azidotzeko.
 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!