Jon Ander Peña pilotari tolosarrak erakustaldia eman du aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketan jokatu duen bigarren partidan. 22-11 irabazi dio Unai Lasori final-laurdenetako B multzoko lehen jardunaldian. Garaipen handia lortu du Peñak; pilotazale askorentzat, ezustekoa izan da. Lehen zati parekatuaren ondoren (6-6), partida hautsi zuen tolosarrak, 8-16 aurreratzeko. Ondoren, aldea areagotzea lortu zuen, 10-22 irabazteko. Peñak Javi Zabala errioxarra izango du aurkari, igandean, Logroñoko Adarraga frontoian.
Zabalak ere ezustekoa eman du lehen jardunaldian. 22-15 irabazi zion Jokin Altuna amezketarrari. Altuna 9-1 eta 11-4 jarri zen aurretik. Errioxarra, ordea, oldarkorrago jokatzen hasi zen, eta jarraian egin zituen hurrengo zortzi tantoak. Bigarren zatian erabat nagusi izan zen, eta azkenean 15-22 irabazi zuen. Amezketarrak Lasoren aurka jokatuko du, larunbatean, Donostian. Hil ala biziko neurketa izango da bientzat.